Ikasleak Pako Etxeberriarekin

Guaixe 2016ko mai. 5a, 19:46

Altsasu institutuko DBHko 4. mailako ikasleek gaur Pako Etxeberriaren hitzaldian izan dira Iortia kultur gunean. Forentseak hilobien aurkikuntza, indusketa eta identifikazioak nola egiten dituzten azaldu die, baita hainbat pasarte ezagun kontatu ere, batez gure inguru hurbilekoak. Institutuko Gizarte Mintegiko irakasle Ander Leonek argitu digunez, ikastetxean zortzi urte daramate memoria historikoa lantzen. “Frankismoan Sakanan eguneroko bizimodua azaltzen duten ahozko testigantzak jasotzea da gure helburua”.

Ahozko historia hori jasotzeko ikasleek adineko pertsonak elkarrizketatu dituzte. Makina bat gairi buruzko galderak egiten dizkiete: haurtzaroa, eskola, gaztetasuna, jaiak, ezkontza, bikote harremanak, lana, politika, erlijioa… Dagoeneko 300 bat elkarrizketako artxiboa dute, ikasleek bakoitzaren transkripzioarekin, laburpenarekin eta audioan edo bideoan elkarrizketa jasotzen duen diskoarekin. Egitasmo horren barruan, ahozko historia jasotzeko metodologian aditua den Laura Benadiba historialari argentinarraren ezagutu zuten ikasleek joan den urtean.