Eskola txikiek etorkizuneko lan zutabeak eta baloreak zehaztu dituzte

Guaixe 2016ko mai. 6a, 08:42

Iturri zaharreko ur berria goiburua zuen ekitaldiarekin Sakanako eskola txikiek euren identitatearen berri ematen duen dokumentua aurkeztu zuten Lakuntzan pasa den ostegunean.

Ibarreko bost eskola  dira agiria landu dutenak Uharte Arakilgoa, Arbizukoa, Iturmendikoa, Urdiaingoa eta Olatzagutikoa. Elkarlanean egindako aurkezpenean eskola txikietan egindako lana Sakanara zabaldu nahi izan zuten, “hemen gaude adieraziz”. Dokumentua, sinbologia askorekin, era poetikoan aurkeztu zuten artea, dantza eta musika tartekatuz. Jose Luis Mendoza hezkuntza kontseilaria ostegunean Lakuntzan izan zen. Berak  “eskola txikiek herrietan duten garrantzia” nabarmendu zuen.

Aurkeztutako dokumentuak bi atal ditu, bata, eskolen identitateak osatzen duten aspektuak jasotzen ditu eta eskolen lanaren zutabeak direnak bestea. Aitziber Vitoria irintarrak eta Uharte Arakilgo eskolako irakasleak zutabeak zein diren azaldu dizkigu: “gure hizkuntza, euskarari garrantzia handia ematen diogu; kultura; publikoak garela; aniztasuna; ekitatea eta errespetua. Horiek oinarri hartuta hainbat balore landu nahi ditugu: pedagogiari garrantzia ematen diogu; ikasleek, irakasleek, gurasoek zer nolako eskola nahi duten entzun dugu; euskara balore gisa jarri dugu, asko baloratu, estimatu eta bulkatu nahi dugulako; hezkuntza komunitate guztiaren  arteko harremanak eta sormena”. Vitoriak azaldu duenez, “balore horiek guztiak lantzen ditugu Sakanako etorkizuna gure eskola txiki hauetan dagoelako eta haien hezkuntzak etorkizuneko Sakanan asko eraginen duelako”.

Agiriak elkarlana eta talde lana ere aipatzen dituzte. “Hain eskola txikietan, esaterako Iturmendin hiru irakasle gaude, azkenean, partekatzea, beste irakasle batzuekin hitz egitea eta esperientziak trukatzea behar duzu. Elkarlana ezinbestekoa da gure eskoletan”.

“Dokumentua mamitsua da, baina irakurterraza egiten saiatu gara” dio Vitoriak. Agiria lan tresna bihurtu zaie. Amaia Zubiria urdiaindarrak eta Iturmendiko Arrano Beltza eskolako zuzendariak esan digunez, “lehenik eta behin gure ikastetxeetara etortzen diren irakasle berri guztiek agiria irakurri eta eurena egin beharko dute. Eskoletan gelditzen diren zuzendarien lana hori bermatzea da. Hortik abiatuta hezkuntza proiektuak egin nahi ditugu. Dokumentua lanean segitzeko oinarria izanen da”.

Zergatia
Zubiriak identitatearen hori azaldu digu: “konturatu ginen eskola hauek iraganeko historia gogorra eta latza dutela eta horren eskola hauen izaera pixka bat markatu zuela. Gaur egun garai horretako eskolarekin ez dute zerikusirik. Ez zegoen definitzen gintuen ezer”. Bost eskolen koordinazio bileretan jabetu ziren. Zubiriak azaldu digunez, “bost eskolen artean komuna genuen zerbait bilatu beharko genuela konturatu ginen. Nortzuk garen jakin eta, pixka bat iraganari begiratu, hura zer izan zen ikusi, motxila hori gainetik kendu eta berriro zer izan nahi dugun”. Azken horretarako izan nahi zutena eraiki behar izan dute. “Horretan datza gure identitatea, orain arte inon jasoa eta definitu gabe zegoena”.

Vitoriak azaldu digu guztiaren prozedura. Lehenik argitu digu Juan Migel Ruizek lagundu diela prozesua aurrea eramaten. “Eskola nazionala izan ziren horretatik hasi. Zein beldurra eta nola funtzionatu izan duten garai haietan. Beste fase bat, ametsarena deitu dioguna: zertara iritsi nahi dugun”.  Zubiria: “gaur egun identitatea eta zutabeak badaude, baina prozesu honetan bizi, sentitu eta gureak egin ditugu. Paper batean idaztea oso erraza da”. Identitate dokumentuan jasotakoa eurena egiteko bost eskoletako klaustrokideek parte hartu zuten prozesuan.

Bidea
Hasieratik garbi izan zuten laguntza behar zutela eta ezin zutela irakasleek bakarrik egin. Zubiriak aitortu digu “prozesu luzea” izan dela eta “erakunde askorekin hitz egin dugu.” Hitz egitea prozesuaren funtsa izan dela aitortu digu ere, “asko hitz egin dugu”. Sakanako Mankomunitateko lehendakariarekin eta lehendakari-ordearekin, bost herrietako udalekin, Sakanako ikastolekin (“beraiei esker ireki zen eskoletan euskaraz ikasteko eskubidea”), ibarreko gainontzeko eskolekin eta Franco garaiko ikasle ohiekin. Ametsen fasean udalekin, gaur egungo irakasle, gurasoekin eta ikasleekin hitz egin zuten. Irakasleendako prozesua “oso aberasgarria” izan dela aitortu digute biek. Bide batez, parte-hartzaile guztiei eskerrak eman dizkiete, “izan duten jarrera oso ona izan baita”.


Eskolak elkarlanean
Hainbat gauza egiteko Sakanako eskola txikiak “gutxieneko koordinazioarekin” lan egiten dute. Hiruzpalau urte daramate horretan. “Eskola txikiak garenez, hainbat gauza egiteko elkartu beharko gara” azaldu digu Zubiriak. Esperientziaz galdetuta esan digu “gauza guztiak bezala egin egin behar da. Aurrena zertan eta zertarako koordinatu nahi genuen oinarritu genuen, eskola bakoitzak bere ezaugarriak baititu eta hori ez dugu alde batera utzi nahi. Eta gero zertarako funtzionatuko genuen ikastetxe bakoitza bere kabuz”. Hori zehaztuta, lehen urtea elkar ezagutzeko izan zen. “Joan den urtean koordinatzeko zer behar genuen eta elkarlana zertarako behar genuen definitzen hasi ginen”.

Heldu den ikasturtean hezkuntza proiektua lantzeko asmoa dute eta bost ikastetxeen oinarrizko gauzak bilatuko dituztela aurreratu digute. “Elkarren arteko ezaugarri komunak ditugu, eta irteerak. Horrek batzen gaitu. Gero bakoitzak berea propioa eratuko du”. Elkarlan horrek “asko laguntzen duela” esan digu Vitoriak: “eskola bakoitzean ideiak sor daitezke, baina behin partekatu ondoren, aurrea ateratzea errazago izaten da”.


Kanta
Sakanako eskola txikiek kanta ere mustu dute. Josema Leitza arbizuarraren letrari Iñigo eta Imanol Goikoetxea urdiaindarrek doinua jarri diote.

Sakanako eskola txikiak
Bazen behin, gure herritako plazan
kantu bat jartzen gintuena dantzan.
Bazen behin, gure herritako plazan
kantu bat:
esan ta izan.

Bazen behin, neska-mutikoak jolasean
haizearen musikaren konpasean.
Bazen behin, herri  baten babesean
hizkuntza
gure hizkuntza
gure etxean.

Eskola, ur goiena ur barrena
eskola, ur lasterra gardena
eskola, dakarrena datorrena
iturria
zahar berria.

Erlazionatuak

Sakanako eskola txikien kanta

Guaixe 2016 mai 04