131 ikasle Sakanako Orientazio Proban

Guaixe 2016ko mai. 19a, 11:58

Altsasuko Institutuko 72 ikasle, Andra Mariko 31, Iñigo Aritzako 19 eta Aguraingo 40 ikaslek hartu dute parte

Sakanako eta Aguraingo zenbait ikastetxek, Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin, 2016ko Sakanako Orientazio Proba antolatu zuen maiatzaren 18an, asteazkenean. 131 ikaslek hartu zuten parte guztira, Altsasuko Institutuko 72 ikaslek, Andra Mari ikastolako 31k, Iñigo Aritza ikastolako 19k –lehenengo aldiz parte hartu zuen ekimenean Iñigo Aritzak– eta Aguraingo 40k, DBHko 4. mailako neska-mutiko guztiak.
Goizeko 10:00etan hasi da proba, Arbizuko Zubaat eta Sandindegi aldeko basoan. Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu digunez, bikain joan da jardunaldia. “Talde gehienek baliza gehienak aurkitu dituzte eta ongi ibili dira. Aurten Iñigo Aritza ikastolak ere parte hartu du lehenengo aldiz, oso ondo ibili dira eta errepikatuko dutela adierazi dute” esan du teknikariak.

Helburuak
Sakanako Orientazio Probaren helburuak ondokoak dira: basoan segurtasunez ibiltzen ikastea eta mapa bat interpretatzen jakitea, baita iparrorratza erabiltzen ere; aisialdian naturak eskaintzen dituen aukerak ezagutaraztea eta praktikara eramatea; ikasleen arteko talde lana bultzatzea; Sakanako naturguneak ezagutzea eta bultzatzea; Sakanako ikastetxeen eta ikasleen arteko harremanak bultzatzea, baita ondoko eskualdeetakoekin ere eta gure hizkuntza den euskara bultzatzea.