Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak udalekutara joanen diren Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleendako diru-laguntzak ditu. Diru-laguntza horiek lortzeko honako baldintzak bete beharko dira: udalekua euskara hutsezkoa izatea, 5 egun baino gehiago eta 15 egun baino gutxiago irautea eta garagarzaroaren 15etik irailaren 30era bitartean izatea.
Laguntza eskatu nahi dutenek irailaren 30era arteko epea izanen dute zabalik. Horretarako hainbat agiri aurkeztu beharko dira: eskabide ofiziala beteta; udaleku beragatik beste administrazioek edo entitate pribatuk emandako laguntza guztien aitorpena; udalekura joandakoaren gurasoren baten edo tutorearen nortasun agiriaren kopia; udalekura joan denaren erroldatze agiria; udalekuaren ezaugarriak biltzen dituen antolatzaileen agiria; antolatzaileen asistentzia agiria eta ordainagiria. Guztia Mank-ek Lakuntzan duen egoitzan aurkeztu beharko da. Baldintzak betetzen dituztenen artean Mank-ek laguntzetan 5.000 euro banatuko ditu.