SAN JUANAK 2016

San Joan ospakizunak Sakanan

Guaixe 2016ko eka. 23a, 09:06

Herriz-herri, gaur san juan suak pizteko ohitura berrituko dugu Sakanan. Herriz herri, hemen daude zehaztuak gaurko hitzorduak

Aizkorbe
Gauerdira arte, bai
Aizkorbear guztiak 20:00etan frontoian elkartuko dira. Sua egiteko etxe bakoitzetik egurra eramanen dute eta su handi bat piztuko dute. Txistorra, urdaia eta saiheskiak erosten dituzte sutan prestatzeko. Gainera, etxeetatik entsaladak eta postreak eramaten dituzte denen artean jateko. Suak,  brasak egin dituenean jakiak prestatzen dituzte propio prestatutako parrila erraldoian. Herri afarirako garaia izanen da. Bitartean, bizitzeko egur gehiago botako dute sura eta, afaldu ondoren, binaka eta taldeka su gainean saltoka ariko dira. Su handia denez, txikiendako eta adinduendako su txikiago bat ere egiten dute. Aizkorbetik gertu duten gune budistan egiten duten su handia ikusteko aukera dute ere.

Errotz
Plazan dago hitzordua
Erroztarrak elkartzeko aitzakia ederra izanen da San Juan bezpera. 21:30ak aldera dute hitzordua jarria Nafarroa plazan. Sua piztu eta brasa eginda, urdaia, txistorra eta bestelakoak prestatuko dituzte. Eta mokadu eta mokadu artean, su gainean saltoan ariko dira.

Izurdiaga
Festen bezperan, sua

San Juan egunarekin batera hasiko dira Izurdiagako festak, hilaren 24an. Bezperan, hala ere,  bestelako ospakizun baten aitzakiarekin elkartzeko aukera izanen dute izurdiagarrek: udako solstizioko ospakizuna. Kontzeju etxe inguruan 20:30ean elkartzeko deia egin da. Herriko etxeak txistor-jatea antolatu du. Herritarrek eramandakoarekin osatuko dira merendu-afariak. Iluntzearekin batera sua piztu eta haren gainean saltoka ariko dira.

Egitaraua
Garagarzaroak 23, osteguna. San Juan gaua.
20:30ean San Juan suak. Kontzejuak txistorrak jarriko ditu, eta nahi duenak ekar dezake beste gauzarik.

Garagarzaroak 24, ostirala
20:00etan Txupinazoa.
20:30ean Hamaika Aldiz taldearen kontzertua.
22:30ean Kalderete afaria.
01:00etan Iñaki Bizkai akordeoilaria.

Garagarzaroak 25, larunbata
11:00etan Zeramika tailerra eta artisauak.
11:30ean Futbol 7ko hiruko txapelketa.
12:00etan Puzgarriak.
13:00etan Bermuta. Sukaldea eta jantokia erabili nahi duenarendako prest egonen dira.
16:00etan Etxez etxeko erronda, mozorroturik, gaia: Mexiko. Lakunzano etxetik hasita tabernara.
20:00etan Dantzaldia DJ Felix-ekin.
22:30ean Herri afaria, “trajez” jantziak.
01:00etan Dantzaldia DJ Felix-ekin.    

Garagartzaroak 26, igandea
11:00etan Meza. Hamaiketakoa irteeran.
12:00etan Puzgarriak.
14:30ean Herri paella.
17:00etan Puzgarriak eta haur jolasak.
17:00etan Mus txapelketa.
19:00etan Txokolate jatea.
20:00etan Dantzaldia Iñaki Bizkai akordeoilariarekin.
22:00etan Ondarren afaria eta hau pena nik.

Irurtzun    
Su sorgindua

Udako solstizioko ospakizunean parte hartzera deitu dituzte irurtzundarrak Aizpea, euskaltzaleen topagunetik. Zeinek bere afaria plazara eraman eta 21:00etan elkarrekin afaltzeko gonbidapena egin  dute. Jatekoaren lagungarri Foru plazan izanen den musika. Gaua ongi sartua dela baieztatzen duten bezain laster, 22:30 aldera, sorgin taldea Irurtzungo plazaz jabetzeko ohitura dute. Haien nahia plazaren erdian piztutako suaren inguruan dantza egitea da. Akelarrera, apika, pertsonaia mitologikoak agertuko dira. Sorgin dantza gonbidapena ere bada, hura despedituta irurtzundarrak su gainean saltatzeko.

Etxeberri
Jan eta salto

Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena ospatzeko etxeberriarrak 21:00etan dute hitzordua jarria. Aurretik sutan erreko dena prestatzen eta itxura ematen ariko dira. Gau parteko otamenaren osagaiak urdaia eta txistorra izanen dira. Etxetik eramandako tortillekin otameneko menua osatuko dute. Tripako zuloa berdinduta, 22:00ak aldera piztuko dute gainetik pasako duten sua.

Egiarreta
Elkartzeko aitzakia
Egiarretarrak elkarte inguruan elkartzeko aitzakia ezin hobea izanen da ostegunekoa, San Juan suena. Elkartean, koadrilaka, jatekoak prestatuko dituzte eta kanpo aldean su txiki bat piztuko da, nahi duenak haren gainean salto egiteko.

Etxarren
Su-gai erronda

Etxarrengo haur eta gurasoak 11:00etan elkartuko dira. Guztiak batera herrian barna ibiliko dira kalejira berezian. Izan ere, haien asmoa arratsaldez erreko duten materiala jasotzea izanen da. Jasotakoa Aranburu frontoiaren ondoan utziko dute. Eguneko bigarren hitzordua, 20:00etakoa, etxarrendar guztiendako izanen da. Frontoiaren kanpoko aldean txistor jatea prest izanen dute. Indarrak hartuta, sua piztu eta hari aurre eginen diote. Luze egon ziren Etxarrenen San Juan suak ospatu gabe, aurtengoa hirugarren urtea da ospatzen dena.

Ekai
Jan da salto
Ekaitarrak biltzeko aitzakia ederra izanen da San Juan suarena. 21:00ak aldera goiko plazan, iturri ondoan, elkartuko dira. Sua piztu eta han prestatutako txistor eta urdaiarekin afari legea eginen dute. Txikienak salto egiteko sua prestatuko dute ere.  

Zuhatzu
Ttakunen erritmora salto
Zuhazuarrak arropa garbitoki zaharraren ondoan, herriko beheko partean elkartuko dira ostegunean, 20:00ak aldera. Afari-meriendarako txistorra eta bestelakoak izanen dituzte. Sua prestatu eta haren gainean salto egiten duten bezala, zuhazuarrek txalaparta jotzeko aukera ere izanen dute, tresna denen eskura jarriko baitute.

Satrustegi
Ospakizun baterako bi su
Satrustegiarrek San Migel kaleaan su txiki eta handi bana piztuko dituzte ostegunean. 20:00ak aldera elkartuko dira langintza horretan hasteko. Egiteko horiek despedituta txistorra, sardina eta odolki jatea izanen da hurbiltzen diren guztiendako. Jatekoak su txikian prestatuko dituzte. Eta jatekoak despeditutakoan su handiaren txanda izanen da. Azken horren gainean saltoka ibiltzeko aukera izanen da. Topaketa gauerdiraino luzatuko dute batzuk.

Hiriberri
Goizetik lan, iluntzean erretzeko

Gurdiak hartu eta hiriberriar txikiak larreetako agotza eta basoan botatako egurrak jasoko dituzte ostegun goizean. Txitera elkartearen ondoan pilatuko dute, iluntzean sua pizteko. Txitera elkarteko zuzendaritzako kideek parrillan txistorra, urdaia eta saiheskiak prestatuko dituzte 20:00etan, hurbiltzen den guztia asetzeko. 21:00etan, berriz, haurrek ekarritakoei su eman eta su gainean saltoka ariko dira.

Ihabar
Saltoen aurretik indarra hartzera
San Joan kalearen goiko aldean, autobia ondoan dagoen aparkalekuan elkartuko dira ihabardarrak. Hitzorduak 21:30 aldera jarria dute, otamenerako. Sutan txistorra eta sardinak prestatuko dituzte eta sagardoa eta ardoa banatuko dira. Gosea eta egarria berdindu ondoren, indartuta, suak saltatzeko garaia iritsiko da.

Irañeta
Ospakizuna, elkarte ondoan
Txapel-azpi elkartea irintarren bilgune bihurtuko da atzera ere ostegunean. 21:00ak aldera urdaia eta bestelakoaekin afari-merienda izanen da. Eta eguzkia estaltzearekin batera, irintarrek salto egiteko, elkartearen inguruan sua piztuko dute. Garai batean salto egiterakoan zera esaten zuten irintarrek: zorriyek eta partzak, sarna fuera!

Uharte Arakil
San Juan festak
Garagarzaroak 23, osteguna
17:45ean 2015ean jaiotako haurren omenaldia udaletxean.
18:00etan Festei hasiera emanen dion suziria. Ondoren auzatea plazan Donibane jubilatu elkarteak antolatuta.
19:45ean Mikel Doneari harrera, Uharte Arakilgo konpartsa eta gaiteroekin.
20:00etan Meza.
21:00etan 7. Patata Tortilla Lehiaketa. Tortillak 20.45etatik 21.00etara aurkeztu behar dira. Ondoren tortilla dastaketa.
22:30ean San Juan Suak. Uharteko fanfarrea eta Zanpantzar taldearen parte hartzearekin. Herriko argiteria publikoa itzaliko da.
00:30etik 03.30era Dantzaldia Edelweiss taldearekin.

Garagarzaroak 24, ostirala
12:00etan Meza San Juanen omenez.
12:45ean Kalejira Uharte Arakilgo konpartsa eta gaiteroekin.
13:00etan Auzatea.
13:30etan Uharteko zortzikoa.
14:30ean Parrillada, herri bazkaria (udalak ardoa, ogia, mahaiak eta aulkiak jarriko ditu).
18:00etan Kuadrillen arteko jolasak.
20:00etan Auzatea.
20:00etatik 22.00etara La Jodederaren kontzertua.
22:00 Zezensuzkoa
00.30-03.30 Dantzaldia “OHARKABE”-rekin

Garagarzaroak 25, larunbata
10:00etan Erromeria Zamartzera Uharteko eta Artikako konpartsekin eta gaiteroekin. Auzatea
13:30ean Ihabargo Batukada.
14:30ean Jubilatuen bazkaria.
16:30etik 18:00etara Bazkalostean animazioa Iñaki akordeoilariarekin.
18:00etan Galtxorratx dantza taldearen erakustaldia.
19:00etan Herriari itzulia fs5 areto futboleko ligako txapeldunekin: Uharte Arakilgo Aralar Mendi 2 taldea. Zorionak
20:00etan Auzatea.
20:15etik 22:00era Puro Relajo taldearen mexikana kontzertua.  
22:00etan Zezensuzkoa.
00:30etik 04:30era Dantzaldia Kapri taldearekin.

Garagarzaroak 26, igandea
13:00etan Kalejira Uharte Arakilgo konpartsa eta gaiteroekin.
13:00etan Auzatea.
14:30ean Haurren bazkaria.
16.00etan Apar festa.
17:30ean Haurrendako jolasak.
18:30ean Txokolate-jatea.
19:00etan Sardina eta txistorra jatea, Aralar Mendi elkarteak antolatuta.
20:00etatik 22:00etara Dantzaldia Karrikadantza taldearekin.
22:00etan Zezensuzkoa.

Arruazu
Danbatekoen doinura saltoka

Frontoi ondoan sua piztu eta udalak auzatea eskainiko du: txistorra eta urdaia jateko, ardoa edateko.  Beste su bat ere izanen da, haren gainean salto egin ahal izateko. Azken hori piztearekin batera, Tomas Ganboa ezkila-joleak errepika eskainiko du. Hari lagundu nahi dioten arbazuarrek ezkila-dorrera igotzeko aukera izanen dute.

Lakuntza
Alturako auzatea
Udako solstizioko gauean lakuntzarrak auzoka eta koadrilako afaltzera elkartzen dira. Aurten gainera, Gure Esku Dagok ezkila-dorrearen ondoko plazan afaltzeko deialdia egin du (ikus 3. orria). Iluntzearekin batera, 22:00etan, Lakuntzan barna suak piztuko dira eta horrekin batera aurreneko saltoak etorriko dira. Ohikoa denez, ezkila-dorrea lakuntzarren biltoki bihurtuko da 22:00etatik 24:00etara. Nahi duen guztiak ezkilak jotzeko aukera izanen du. Gauerdian saioak despeditzearekin batera, auzatea eskainiko da.  

Arbizu   
Sua, festak pizteko
Festetan buruhandi berriak eta erraldoiak mustuko dira

Aurtengo festetan, San Juan egunean, buruhandiak eta erraldoiak mustuko dituzte arbizuarrek. Eider Garderen laguntzaz dozena erdi gurasok buruhandiak nola egiten ziren ikasi zuten. Euren kabuz lau buruhandi egiteko langintza hartu zuten eta neguan horretan aritu dira. Haien eskuetatik sortu dira Arbizuko neska-mutikoen atzetik lasterka ariko diren txerria (txistor egunari erreferentzia), sua (San Juan sua), aittuna eta amiñe (inauteritako pertsonaiak).

Aurretik Arbizuk bi buruhandi zituen: soldadu frantsesa eta sua. Biek karga handia zuten eta, horregatik, berriak egitea erabaki dute. Hala ere, karga handiko bi buruhandi horiek ere ez dute aurtengo festak galduko. Batuta birziklatze laborategiko kideen laguntzaz buruhandi zirenak erraldoi bihurtu dira. Erraldoi bereziak, karga handia dutenez, gurpil gainean mugituko direlako. Konpartsa eguerdiro kalean izanen da. Bestalde, aurten 40 urte beteko dira emakume talde batek plazan estreinakoz merendatu zuenetik.  
 
Egitaraua
Garagarrilak 23, osteguna. San Juan bezpera
19:30ean Suziria.
19:30ean San Juanera igoera Jaiak txarangarekin.
20:00etan Bezperak San Juanen Arbizuko eta Etxarriko abeslariekin.
20:30ean Maria Lonbreren zaldiya.
21:30ean San Juandik jaitsiera.
23:30etik 3:00etara Dantzaldia Trikidantz taldearekin.

Garagarrilak 24, ostirala. San Juan eguna.
10:00etan Dianak Jaiak txarangarekin.
11:30ean San Juanera igoera.
12:00etan Meza nagusia San Juanen.
12:30etik 14:00etara Haurrendako puzgarriak plazan.
13:00etan Aate (Alda Bide).
13:30ean Buruhandiak eta erraldoiak.
13:15ean Sarien banaketa (loreak, kartela).
13:30ean Txaranga plazan.
17:00etan Kalejira Jaiak txarangarekin.
17:30ean Zunba klasea.
18:30ean Play-back txapelketa, hip-hop eta dantza erakustaldia.
20:00etan Aate.
20:00etan Preso eta iheslarien aldeko bilkura plazan.
20:00etatik 22:00etara Dantzaldia La banda del jefe Bigun taldearekin.
22:00etan Zezensuzkoa.
23:30etik 2:00etara Dantzaldia La banda del jefe Bigun taldearekin.

Garagarrilak 25, larunbata. Elkartasun eguna
10:00etan Dianak herriko fanfarrearekin.
12:00etan Artisau azoka.
12:00etan Aate (Etxerat).
12:30etik 14:00etara Haurrendako puzgarriak plazan.
12:30ean Jolasak.
13:00etatik 13:30era Buruhandiak eta erraldoiak.
13:00etan Tortilla lehiaketa.
15:00etan Herri bazkaria eta bertsolariak: Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi.
17:15ean Antxotapantxa antzerki emanaldia.
17:30etik 19:30era 4 x 4.
18:30ean Herri kirolak eta arbizuarren eta daniarren arteko desafioa.
20:00etan Aate.
20:30etik 22:00etara Dantzaldia Tximeleta taldearekin.
24:00etatik 3:00etara Dantzaldia Tximeleta taldearekin.

Garagarrilak 26, igandea. Kintoen eguna
10:00etan Dianak herriko txistulariekin.
11:00etan Kintoak pixket eskien.
12:00etatik 14:00etara Haurrendako puzgarriak plazan.
13:00etan Aate (zotola).
13:00etan Elai Alai dantza taldea.
13:30ean Buruhandiak eta erraldoiak.
Arbizu gora gora kantas.
    13:30 biltzen hasteko ordua.
    14:00 lehenengo kanta sorta.
    14:30 bazkaria eta kantaldia.
17:00etan Piñatak.
17:30ean Piperropilen tailerra.
19:30etik 21:30era Herriko musikariak.
20:00etan Aate eta piperropilak.
22:00etan Zezensuzkoa.
22:30etik 1:00etara Dj Bull.



Garagarrilak 27, astelehena. Gazteen eguna
10:00etan Dianak
12:00etatik 14:00etara Haurrendako puzgarriak plazan.
12:00etan Haurren pilota txapelketako finalak.
12:00etan Aate (Argi Bidea).
13:00etatik 13:30era Buruhandiak eta erraldoiak.
12:30ean Altxorraren bila.
13:00etan Triki poteoa.
14:00etan Gazte bazkaria.
16:00etan Gazte jokoak.
17:00etan Pailazoa.
18:00etan Talo tailerra.
18:00etan Elektrotxufla elektrotxaranga.
20:00etan Aate.
23:00etan Kontzertuak: ETS eta Skabidean.

Garagarrilak 28, asteartea. Haurren eguna
12:00etatik 14:00etara Jolas parkea.
13:00etan Aate (Jubilatuak).
13:00etatik 13:30era Buruhandiak eta erraldoiak.
15:00etan Haurren bazkaria.
17:00etan Mus, brixka eta truk txapelketa.
17:00etatik 19:00etara Jolas parkea.
20:00etan Aate.
20:00etatik 22:00etara Erromeria Zesuma taldearekin.
21:00etan Emakumeen afaria.
22:00etan Zezensuzkoa.
23:30etik 1:30era Erromeria Zesuma taldearekin.

Garagarrilak 29 asteazkena. Jubilatuen eguna
11:00etan Dianak herriko fanfarrearekin.
12:00etatik 14:00etara Haurrendako puzgarriak plazan.
12:00etan Jubilatuen meza.
12:30ean Aate (Udala).
12:30ean Jolasak.
12:30ean Helduenentzako oroigarrien banaketa.
13:00etatik 13:30era Buruhandiak eta erraldoiak.
13:00etan Jubilatuen luntxa.
13:00etan Arbizuko Xapiru trikitixa eskola.
17:30etan Aparraren festa.
18:30ean Izozkiak haurrendako.
20:00etan Aate.
20:00etatik 22:00etara Dantzaldia Kupela taldearekin.
23:00etatik 00:30era Dantzaldia Kupela taldearekin.

Unanu
Su handia eta txikia
Mediku kontsultategiko zelaian 20:30 aldera elkartuko dira unanuarrak. Bi su piztuko dituzte txiki bat haurrendako eta handiagoa helduendako. Su gainean saltoka ibili eta gero, elkartutako guztiendako merendu-afaria izanen da, 21:30ak aldera.

Dorrao
Sua, ospakizunen bezperan

Urteko gaurik motzenean dorrobar batzuk autobus geltoki inguruan elkartu eta han piztuko dute sua, gainetik salto egiteko. Ospakizunak, berez, San Juan egunarekin iritsiko dira Dorraora. Ostiralean, 19:00etan, errepide kontra dagoen San Juan ermitan bezperak eta arrosarioa izanen dira. Hura despedituta kontzejuak gazta, ogia eta ardoa eskainiko dizkie bildutakoei. Nenau despopulaturena zen elizara larunbatean atzera bueltan joanen dira dorrobarrak. 10:30 aldera meza eta ondoren auzatea izanen dira. Ohiturari segituz, Dorraoko Kontzejuak herriko etxe bakoitzeko pertsona bat gosaltzera eta bazkaltzera gonbidatuko ditu Itur aldea elkartera.

Lizarraga
Sua, Intxaurretan  

San Juan bezperako sua Intxorretan kalean piztuko dute, Ergoienako udaletxe parean. Bospasei urte dira auzotarrek ohitura berreskuratu, su gainean saltatzeko sua piztu eta horren aitzakiarekin afaltzera elkartzen direla. Garai batean herriko karrika bakoitzean egiteko ohitura zegoen.

Etxarri Aranatz
Salto eta salto
Urteko gaurik motzena hastear dela, Etxarri Aranazko auzoetan eta karriketan suak pizteko garaia izanen da. Aurretik jasotako erregaiak ongi pilatuak izanen dira. Garren gainetik salto egiterakoan askok egun horretan propio esaten den leloa esanen dute: zorriyek eta partzak iltzeko!

Bakaiku
Suak saltatzera
San Juan bezperan, iluntze aldera, San Juan suak piztuko dira Bakaikun. Su nagusia elkartearen ondoan egonen da. Gauza txarrak sutara botatzeko ohitura berrituko dute. Aurten “Erregimena sutara” botatzeko deia egin dute. Jakina, suak saltatzera animatuko dira bakaikuarrak.

Iturmendi
Plazako suaren inguruan bilduko dira iturmendiarrak
Iturmendin ohitura da San Juan bezperan etxetarako egur loteak banatzea, baina aurten lehenago egin dute. Iluntze aldera, 21:30ak aldera, San Juan sua piztuko dute Arrano Beltza plazan eta afaltzera bilduko dira. Aurretik, haurrei izozkiak banatuko zaizkie eta auzatea izanen da.

Urdiain
Kantaita, baseliza, sua eta afariak
San Juan bezperan sainduaren ermita bisitatuko dute urdiaindarrek. Horretarako hitzordua 19:30ean jarri dute herriaren etxean. Kalejiran aldapa bera joanen dira urdiaindarrak ohiko jantziak aldean dituzten neskekin, dantzari txikiekin eta txistulariekin batera. Ermitan elizkizuna izanen da eta hura despeditu ondoen, plazan, sua piztuko da. Haren ondoan neska gazteek uzta ona eskatzeko San Joan kantaita abestuko dute, elkarri eskua emanda erritmoa daramatela. Ondoren dantzarien txanda izanen da. Herriaren etxeak auzatea eskainiko du. Txikienak adarren muturretan sartutako arto koxkolak erreko dituzte. Ermita ingurukoak despeditu ondoren, herrira bueltan, koadrilaka edo auzoka, afariak eginen dituzte urdiaindarrek.

Altsasu
Bi eguneko ospakizunak
San Juan ermitako elizkizunaren ondoren sua eta etxajuak piztuko dira. Azken horiek herrian barna gainontzeko suak pizteko deia izanen da. Altsasuko Udaletik sua pizteko zenbait gomendio eman dituzte. Aurrena, zorua babesteko, ezinbestekoa da harea geruza lodia lurrean zabaltzea eta haren gainean sua egitea. Udalak harean denen eskura honako tokietan jarriko du: Pilotajauku, Amandrea (hilerria), Zubeztia, Zelai (Caixa zegoen tokia eta sutegia), Intxaurrondo (Eroski), Idertzagain (Xagu), Amaia (errotonda),  Zumalakarregi eta Iortia (kultur gunea). Bestalde, sua pizteko basotik egurra hartu nahi dutenei botatako zuhaitz adarrak eta sasiak hartzeko aholkatu die; “lehorrak daude eta hobeki hartzen dute su.”

San Juan egunean, ostiralean, ohitura da goizean goiz iratzeak moztea eta etxeetako ezkaratzean jartzea. Etxea babesteko ohitura altsasuarra mantentzeko deia egin du udalak. Bestetik, goiz horretan balkoi batean baino gehiagotan abardiak agertuko dira. Maite diren pertsonen etxeen balkoian lizar adarrak jarriko dira. Gogoko ez direnen etxeetan, berriz, makalak. Ohitura gorde eta sustatzeko udalak, atzera ere, lehiaketa antolatu du. Abardia jarri dutenek argazkia atera eta iortia@altsasu.net helbidera bidali beharko dute hilaren 27a baino lehen. Saria: festetako herri bazkarian lau pertsonendako txartel bana. Parte-hartzaile guztiek sariak izanen dituzte.

Egitaraua
Garagarrilak 23, osteguna
17:30ean Txupinazoa San Joan Plazan trikitilariek lagunduta.
    Dabitxi zirkuaren emanaldia eta haurrentzako sorpresak San Joan kalean.
18:45ean Txokolate-jana Beti Jai bikoteak girotua.
19:30ean Udalbatza, Altsasuko Txistulariekin batera, udaletxetik San Joango ermitara abiatuko da.
    Udako solstizioa ospatzeko festa Foruen Plazan. Egutera Taldeak antolatua.
20:00etan Auzatea.
20:30ean Festaren hasiera: San Joango ermitan sua piztea.
    Herriko suak pizteko txupin iragarlea.
    Kalejira eta auzatea Foru Plazaraino.
21:30ean Beti Jai bikoteak eta Txorongo txarangak suak dauden kaleak girotuko ditu gauean zehar.
23:00etatik 2:00etara Dantzaldia Txiki Band taldearekin, San Joan kalean.

Garagarrilak 24,ostirala
20:00etan Zortzikoa Altsasuko Txistulariekin eta auzatea Foru Plazan.
    Meriendak.
23:00etan Dantzaldia Haize Berriak bandarekin, Foru Plazan.

Olatzagutia
Su ta su
Gaztetxe eta jubilatu elkartearen ondoan, Sarasate plazan eta herriko beste hainbat karriketan suak piztuko dituzte su gainean saltoka ibiltzeko. Lagun taldeak aritzen dira horretan. Zorua behar bezala babesteko udalak harea ematen du, baina hura udaletxean eskatu behar da, epea gaur despeditzen da.

Ziordia
Afaldu eta salto
Udako solstizioa ospatzera txipudian elkartuko dira ziordiarrak. 20:00etan herri kirol saioari ekinen diote. Gosea eginda, 21:30ean, mahaira afaltzera eseriko dira. Eta gaua ongi sartua dagoela, 22:30ean, sua piztuko dute parkean, lurrean dagoen metalezko iparrorratzaren gainean.