Hauteskunde orokorrak 2016

Sakanako herritarroi gutuna

Guaixe 2016ko eka. 24a, 08:17

Egun hauetan jende askok galdetzen dit ea animatua nagoen aurrean dugun erronkaren aurrean. Eta baietz esaten diet. Banagoelako, zinez. Aurrean aukera paregabea dugulako. Aukera, abenduko emaitzak hobetzeko. Aukera, Madrilen ere lan egiteko nafarron eskubideak defendatzeko, interes estatalen mende egon gabe. Eta aukera, Nafarroan eraikitzen ari garen aldaketa sendotzeko.

Izan ere, hauteskunde hauetan asko da jokoan dagoena. Milaka nafar euskaltzale, aurrerakoi eta ezkertiarrok Madrilen ere behar dugun ahotsa berreskuratzeko aukera erreala daukagu. Eta zergatik da inportantea bertan egotea? Nahi ala nahi ez, Madrilgo Kongresuan ere nafar guztiongan eragina duten erabakiak hartzen direlako. Gure eskubideak kolokan jartzen eta urratzen dituztelako bertatik ere. Murrizketak, LOMCEren inposizioa, Lan Erreformak, Mozal Legea, Nafarroan onartutako hamazazpi legeri ezarritako helegiteak… Gure eskubideak defendatzeko beharra daukagu.

Estatuan aldaketa gauza daitekeela diote batzuek. Guk zalantza handia dugu horretarako borondate eta aukera errealik dagoen, aintzat hartuta ezinbestez PSOErekin egin beharko dela. Eta PSOE ongi ezagutzen dugu Nafarroan. Badakigu ez dela fidatzekoa, eta oraindik orain Nafarroan erakusten ari da aldaketaren trena hartu baino, eskuinaren geltokian dagoela geldirik. Hala eta guztiz ere, borondaterik eta benetako aukerarik balego aldaketa gauzatzeko, EH Bildu ere horretan egonen litzateke, zalantzarik gabe. Edozein aukera baliatuko dugu aldaketaren bidean, lege eta neurri injustuak bertan behera uzteko eta nafar jendartearen eskubideak defendatzeko.

Beraz, EH Bilduren botoak balio bikoitza duela esan dezakegu: Estatuan aldaketarik gauzatzeko aukera txikiena balego, lagunduko genukeelako, eta era berean, Nafarroako aldaketaren ahotsa eraman eta nafarron interesak eta beharrak Madrilen defendatuko ditugulako. Lau hilabete hauetan Nafarroako ahotsa UPNk soilik izan du, beste inori ez diogu entzun. Bestelako Nafarroak ahotsa baduela erakutsi behar dugu, eta estatu mailako interesen gainetik Nafarroakoak lehen mailan jarri.

Horretarako prest gaude, bai eta erronka honi gogotsu ekiteko ere. Batzuek diote zail dugula. Akaso egia izango da. Baina herri honetan askotan egin dugu posible ezinezko zirudiena. Maiatzean ere zaila zirudien aldaketa gauzatzea Nafarroan, Iruñean eta hainbat udaletan. Zaila zirudien… Eta lortu genuen! Horixe da hauteskunde hauekiko daukagun jarrera, eta zuei, Sakana bailarako herritar guztiei ere eskatzen dizueguna. Balia dezagun aukera, eta izan zuetako bakoitza EH BIlduren ahots eta bozgorailu. Animo eta lanera! Ezina, ekinez egina!

Bakartxo Ruiz