Nazioarteko auzolandegia Ennecon

Guaixe 2016ko uzt. 7a, 19:37
De Amicitaren bidez Ennecoko auzolandegira etorritakoak. Argazkia: Nerea Mazkiaran.

De Amicita gobernuz kanpoko erakundearen bitartez atzerriko 11 gazte Etxarri Aranatzera etorri dira, Enneco, haritzaren memoria parkeko auzolandegian aritzera. Bederatzi herrialdeetatik etorri dira Etxarrira:  Hego Korea, Turkia, Japonia, Errusia, Espainia, Frantzia, Grezia, Mexiko eta Alemania. Astelehenetik hilaren 18a bitartean boluntario moduan lanean ariko dira guztiak. Goizetan parkeak itxura hartzeko lana eginen dute. Bideak eta beste egokitu, irailean eraikuntza lanak behar bezala has daitezen. Arratsaldeetan, berriz, Sakanak eskaintzen dituen hainbat turismo ekintzekin gozatzeko aukera izanen dute.

Bernoako galtzada
Joan den urteko garilean ere GKE beraren bidez beste 15 gazte atzerritar lanean aritu ziren Sakanan. Bernoako galtzada azalaraztea izan zen haien egitekoa. Aurten ere beste 10 edo 15 gazte atzerritar etorriko dira Bernoako galtzadan lan egitera. Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen ariko dira agorrilaren 12tik 26ra. Egun horietan “Sakanako ondare zati bat berreskuratzeaz aparte, sakandarrok gure historiaren ezagutzaile eta berreskuratzaile bihurtzea litzateke asmoa” azaldu digu Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak. Horregatik, boluntarioei ongi etorria eginen diete. Joan den urtean bezala, udaletatik herritarrei parte hartzeko gonbita luzatuko zaie.

Bernoako galtzadari buruzko informazio gehiago hemen.