Mitxelen omenezko partidan Xota nagusi

Guaixe 2016ko abu. 29a, 12:44
Mitxel Agirre eta bere familia, Xotako kapitain Javi Eseverrirekin.

Magna Gurpea Xotak 9 eta 1 irabazi zion Koxka tabernari Olaztin antolatutako lagunarteko partidan

Olaztiko Erburua kiroldegian emozioa pil-pilean bizi izan zen larunbatean, Sutegik eta Koxka Tabernak Mitxel Agirre omentzeko antolatutako lagunarteko partidan. Lehen mailan aritzen den Magna Gurpea Xotak bi taldeen gonbitea onartu zuen eta puntako areto futbol partidaz gozatzeko aukera izan zuten Erburuan bildu zirenak. Bukaeran 9 eta 1 irabazi zuen Irurtzungo taldeak, baina hori gutxienekoa izan zen. Kontua osasun arazoak izan dituen Mitxel Agirre olaztiarra omentzea zen.

Mitxel Agirrek areto futbolean ibilbide luzea egin du, jokalari eta entrenatzaile lanetan. Areto futbola sustatzeko lan handia egin du eta, tartean, Koxka tabernako jokalaria ere izan da. “Omenaldi polita izan da, emozioz betetakoa, eta tarte batean jokatzera ere animatu zen Mitxel. Halako zerbait merezi zuen Mitxelek, handia baita. Sekulako cracka da, borrokalaria. Milesker Sutegiri omenaldia antolatzeagatik, eta Xotari bertan parte hartzeagatik” adierazi dute Koxka tabernakoek. Mitxelek, familiaz inguratuta, makina bat oroigarri jaso zituen, gogo biziz eskertu zituenak.