Larunbatean, igandean eta astelehenean idi eta behi menditarrez tiratutako hiru gurdik Sakana zeharkatuko dute. San Juan baleontzia egiteko bikea eta alkitrana eramaten ari dira. Haiekin batera ibilbidea osatzea eta prestatutako egitarauaz gozatzera gonbidatu dute.

Erdi Aroan baleontzi bat egiteko beharrezko material guztiak ez zeuden itsasertzeko olen ondoan. Lurraldearen barrualdetik eramaten ziren beharrezkoak. Hala, XVI. Mendeko San Juan baleontziaren errepika egiteko Sakanatik haritzak Pasaiara eraman zituzten. Baina bestelako materialak ere beharrezkoak dira, bikea edo alkitrana esaterako. Bi material horiek garai batean bezala garraiatzen ari dira, gurdian. Gurdi horiek Sakana zeharkatuko dute bihar eta astelehena bitartean eta haien ondoan, oinez, etapa zati bat egiteko gonbidapena luzatu digute sakandarroi.

Donostia 2016 Europako kultura hiriburutzaren programazio barruan dago Gurdi Bidea.  Quintanar de la Sierrako (Burgos) Cabaña Real de Carreteros elkarteak modu tradizionalean egindako alkitrana eta bikea hiru gurdi ari dira garraiatzen. Haiei tiraka eskualdeko idi eta behi menditarrak ari dira. Agorrilaren 31n abiatu ziren Burgostik eta 18 eguneko bidaiaren ondoren Pasaiara hilaren 17an iritsiko dira. Bihar, etzi eta etzidamu Sakanan izanen ditugu gurdi horiek.

Mikel Leoz, Albaola itsas kultur faktoriako kideak, “sakandar guztiak parte hartzera” gonbidatu ditu. “Eginen diren etapa guztiak 16 eta 22 km artekoak direla, ez direla izugarri luzeak eta idien abiaduran joaten da, nahiko mantso. Ez da ibiltari trebea izan beharrik. Botak jantzi eta Gurdi Bidearekin bat egin dezakete. Ongi etorriak izanen dira.”

Balioa eman
Gurdi Bideak baleontzia egiteko materialak garraiatzeaz aparte, pasako den eskualdeetako turismo, arte eta kultura baliabideei balioa eman nahi die. Horregatik, Sakanako hainbat udalek, nork bere herrian, programazio osagarria prestatu dute egun hauetarako. Sakanako Garapen Agentzia udal antolatzaileen eta Albaola itsas kultur faktoriaren arteko bitartekari lanak egin ditu.

Aurkezpenaren egunean Aitor Larrazak, Irurtzungo alkateak, Sakanako erakundeen izenean hartu zuen hitza eta adierazi zuen ekimena “oso onuragarria” dela ikusten dutela. “Batetik, Sakanako herri ohitura eta turismo arloa pixka bat ezagutzera ematen dituelako. Honekin batera, ondoko herrialdeekin komunikatzen dituzten bai bide bai galtzada sareei balioa ematen die.” Balio hori Bernoako galtzadari bai Sakanako Donejakueko bideari aitortzen zaiola gaineratu zuen Larrazak. “bide horietan barneratzean historiaren berreskurapena dakarkigu burura, Sakanako bideetan zehar kostalderantz produktuak eramaten zirenekoa.”

Larrazak gaineratu zuenez, “honelako ekimenekin dagoen elkarlanak erakundeen arteko erlazioak sendotzen ditu. Bai Albaolarekin bai Plazaolarekin izandako sinergiak baliagarriak izanen baitira.” Azkenik, azpimarratu zuen Gurdi Bideak “irailaren 18an Irurtzunen eginen den azokaren filosofia bera duela: bertako produktua eta bertako ganadu arrazen babesa aurrera eramaten duelako.”

Plazaolako turismo partzuergoko kide da Arakilgo Udala eta erakunde horretako buru Natalia Azkonak nabarmendu zuenez, “kultura eta jende desberdinen arteko komunikazioa eta elkartrukea sustatzen duten halako ekimenen alde egiten dugu, gure lurraldearen babes eta promozio gisa ulertzen baititugu. Izan ere, gure herri txikien garapenean laguntzen duen beste ekonomia jarduera bat da turismoa.” Gurdi Bideak eskualdearen sustapenean lagunduko duela aitortu zuen. “Pozarren hartzen dugu eta bai egunotan bai etorkizunean, jende asko erakarriko duela espero dugu. Ekimenaz, gure eskualdeaz, gure baliabideez, gastronomiaz, kulturaz eta abarrez gozatzera gonbidatzen ditugu.”



Iritzi gehiago
Mikel Leoz, Albaola itsas kultur faktoriako kideak, Gurdi Bidea posible egin duten erakunde eta eragile guztiei eskerrak emanez hasi zen. Azaldu zuenez, “guk beti sinistu dugu ondarea ez dela bitrina batean dagoen gauza bat, baizik eta ondareari bizia eman behar zaiola.” Aurkezpenean bildutakoek horretan bat egiten zutela nabarmendu zuen. “Adibidez, Sakanan sekulako harrotasuna dago, eta nabaritzen da, herrien identitatea eta mantendu nahi dela; bai bertako produktuak ekoiztu, bai bertako basoak zaindu.” Gurdi-Bidea horretarako “oso lanabes inportantea” izan zitekeela gaineratu zuen.

Leozek esan zuenez, ekimenarekin “giza harremanak sendotzeko” asmoa zutela. Burgosko alkintran-egileekin eta gurdi zaleekin. Sakanako jende askorekin dagoeneko harremana badutela gaineratu zuen, “pila bat San Juan baleontzia ikusten egon da. Harreman horien bitartez, ausartuko nintzateke esaten San Juanen familia sortzen ari garela. Guretako hunkigarria da.”

Nafarroako Gobernuko Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuko Zuzendari Iñaki Martinez de Virgala Lusarretak ekimenaren garrantzia aitortu zuen. “Natur bideen, xendazaletasunaren, tokiko kulturaren eta gastronomiaren sustapenerako turismo estrategiarekin bat dator.” Slow tourism edo turismo mantsoko ekimen horren bidez Sakana ezagutzeko aukera ederra izanen dela gaineratu zuen.

Nabarmendu zuenez, “garrantzitsua da eskualdeen artean turismo produktuak sortzea.” Aldi berean, turismoak ohiturak berreskuratzeko eta mantentzeko duen garrantzia azpimarratu dute. Bestetik, edukien garrantzia nabarmendu zuen, “turistak gu bisitatzeko aitzakia gehiago izan eta egonaldia luza dezan.” Azkenik, ekonomia eta gizarte garapenean turismoak duen garrantzia nabarmendu zuen.



Egitaraua
Irailak 10, larunbata
7:00etan Egilaztik abiatu.
9:45ean Ziordin harrera eta ongi etorria.
10:50ean Olaztin harrera eta ongi etorria plazan.
13:00etan Altsasura iritsiera.
16:30ean Harrera eta ongi etorria Foru plazan.
18:00etan Bisita Gidatua Dantzalekuko xendan.

Irailak 11, igandea
7:00etan Altsasutik abiatu.
9:15ean Bakaiku plazan harrera. Agustin Lopez de Zubiriak momentuan egindako ilarontzi
bat Gurdi Bideari oparituko zaio. San Anton mandazain kofradiaren 300. urteurreneko DVD-a oparitu eta bere liburuan bisitaren berri jasota geldituko da.
10:15ean Etxarri Aranatzen, Malkorramendin, harrera.
10:30ean Etxarri Aranazko plazan: zanpantzarrak, auzatea, zorri azoka eta Txalupak y carretas erakusketa.
11:15ean Arbizuko San Juan ermitan harrera: trikitixa, txistorgileak, …
13:30etan Uharte Arakilgo Erdi Aroko zubian harrera.
14:00etan Auzatea, fanfarreak girotuta.
18:00etan Zamartzeko ermita erromanikoan bisita gidatua.

Irailak 12, astelehena
7:00etan Uharte Arakildik abiatu.
10:00etan Santiago de Itxasperri ermitan harrera: txalaparta, hamaiketako eta bisita gidatua.
Jarraian bisita Lacturalen (zehazteko).
11:30ean Irurtzungo plazan harrera.
18:00etan Izurdiagako Brun forjara bisita (zehazteko).

Irailak 13, asteartea
7:00etan Irurtzundik Lekunberrirantz abiatuko da.