Sakandarrak Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean
1.Aitor Osa (Deba): 40:30
13.Aritz Munarriz (Etx): 46:49
15.Beñat Katarain (Lak): 46:58
17.Jose Luis Beraza (Uhar): 47:02
21.Mikel Rubio (Irur): 48:08
25.Angel Arrieta (Uhar): 48:36
28.Ander Unzurrunzaga I. (Etx): 49:11
41.Alatz Agirre (Arb): 51:33
51.Aitor Mozo (Lak): 52:45
56.Fidel Jimenez (Etx): 53:23
60.Iker Flores (Urd): 53:43
64.Alberto Razkin (Etx): 54:21
66.Jose Javier Beregaña (Uhar): 54:32
70.Aitor Hernaiz (Lak): 55:00
86.Fran Araña (Arb): 57:46
90.Asier Reparaz (Arb): 58:32
115.Migel Lopez (Uhar): 1:02:30
120.Noureddine Jdi Baba (Lak): 1:03:46
124.Ander Rosado (Arb): 1:04:56
Aurtengo 8. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala (5 km, 1.023 m desnibel +) euri, haize eta tarteka lainopean jokatu zen, igandean. Horrek, jakina, berez gogorra den proba are gehiago gogortu zuen. Horregatik goizeko 10:00etatik aurrera banaka-banaka irteera hartu zuten korrikalariek ezin izan zuten dena eman eta kontuan ibili behar izan ziren bustita zegoen bidean ez irristatu eta erorikorik ez izateko. Izan ere, ibilbidea nahiko konplikatua zegoen. 145 korrikalarik hartu zuten irteera eta horietatik 1 erretiratu egin zen.
Hala ere, Aralar Mendi elkarteak hainbat babesle eta laguntzailerekin antolatutako probak ez zuen ikuskizuna galdu. Kontrakoa, hain juxtu. Aitor Osa atzera ere bikain ibili zen eta bere hirugarren Uharte-Arakil Beriain Km Bertikala irabaztea lortu zuen (40:30). Probako errekorra (39:54), berea, ez zuen hobetzea lortu, baina egiten zuen eguraldia kontuan hartuta, atzera ere ikusgarri aritu zen debatarra. “Eguraldi kaxkar honekin ezin izan da errekorra gainditzera joan. Irristatzeko aukera gehiago daude, egoerak ez du aurreko urteetakoekin batere ikustekorik. Hala ere, lasterketari nahiko ongi eutsi diot, Iban Muruak gaur irabaziko zuela uste bainuen. Soilik minutu erdira sailkatu da” azaldu zuen Aitor Osak. Iban Murua bere apopiloa da, Osarekin entrenatzen du, eta bigarrena izan zen (41:05). “Nik prestatzen dut Iban, banekien oso fuerte zegoela eta paretsu ibiliko ginela. Niretzat sorpresa izan da irabaztea, Iban aurten dena irabazten ari delako eta primeran dabilelako” gaineratu zuen Osak. Iñigo Lariz izan zen hirugarrena (42:59).
Emakumezkoetan sekulako maila eman zuen Maria Zorroza Iriondok. Bere lehendabiziko Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala zen, eta nolako estrenoa egin zuen gernikarrak. 2013an Leire Agirrezabalak ezarritako errekorra (49:47) 20 segundotan apurtu zuen Zorrozak (49:27). Hotzari beroari baino hobe aurre egiten diola onartu zuen gernikarrak, eta eremu bertikaletan hobe moldatzen da. “Virginia, Ohiana eta ni parean ibiliko ginela uste nuen, baina bi minutu atera dizkiet eta harrituta nago” adierazi zuen aurten km bertikaletan hasi den korrikalariak. Virginia Perez izan zen bigarrena (51:38) eta Maider Fraile hirugarrena (52:31).
18 sakandar
Sakandarrei dagokienez, proban 13. postuan sailkatu zen Aritz Munarriz izan zen lehen sakandarra (46:49). Beñat Katarain lakuntzarra 15.a sailkatu zen (46:58), bigarren sakandarra. Jose Luis Beraza uhartearra 17.a sailkatu zen, hirugarren sakandarra eta lehen uhartearra, eta probako lehen beteranoa izan zen. Aurten ez zen emakume sakandarrik animatu Uharten aritzera.
Bestalde, emakumezkoetan Montserrat Vazquez izan zen lehen beteranoa (55:28). Xabier Macias izan zen lehen promesa (43:58), Aitor Ajuria lehen juniorra (44:15) eta Rafa Urbizu lehen kadetea (50:27).
Zabalarte eta Sakana Bizirik, Nafarroako bigarren eta hirugarren talde onenak
Uharte Arakilgo proba, aldi berean, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa izan zen aurten, banakakoa eta kluben artekoa. Banakakoan, lasterketan laugarren sailkatu zen Mikel Beunza izan zen lehen nafarra, seigarren postuan sailkatu zen Xabier Macias bigarren nafarra, eta hamahirugarren postuan sailkatu zen Aritz Munarriz etxarriarra hirugarren nafarra. Eta Nafarroako Kluben Artekoan, Txurregi izan zen klub txapelduna, Lakuntzako Zabalarte bigarrena, Katarain, Rubio, Jdi Baba eta bestek egindako lanari esker, eta Sakana Bizirik hirugarrena, Munarriz, Agirre, Jimenez eta bestek egindako lanarengatik.
Bestalde, Euskal Herriko Bertikalen Koparako puntuagarria izan zen Uharte Arakilgo proba eta Kopako sariak ere banatu ziren. Euriari eta eguraldi kaxkarrari aurre eginez, giro polita izan zen sari ematean eta plazako auzatean. Antolatzaileek euripean egin beharreko lan handiari ere aitortza egin zieten korrikalariek.