Victor eta Zabaleta sanmateotako torneotik kanpo

Guaixe 2016ko ira. 22a, 08:54
Zabaletak ezingo du Logroñoko finalean egon.

Olaizola II.ak eta Merino II.ak 22 eta 5 irabazi zieten. Ezkurdia-Rezusta eta Olaizola II.a-Merino II.aren arteko partidak erabakiko du nor sailkatuko den finalerako.

Victor eta Jose Javier Zabaleta Logroñoko sanmateotako torneotik kanpo geratu dira. B multzoan lehiatzen ari dira, eta astelehenean 22 eta 20 irabazi zieten Joseba Ezkurdiak eta Rezustak. Tanto bikain baina akats handiko partidan, hasieran 0 eta 6 aurreratu ziren Victor eta Zabaleta. Baina atzeko koadroetako indarrak paretzen joan ziren eta akatsak etorri ziren eta 10 eta 9 aurreratzera lortu zuten Ezkurdiak eta Rezustak. Hortik aurrera, parez pare aritu ziren bi bikoak eta, azkenean, Ezkurdia eta Rezusta izan ziren garaile, 22 eta 20.

Asteazkenean jokatutako partidan, Olaizola II.a eta Merino II.a izan zituzten aurkari Victorrek eta Zabaletak. Hasiera hasieratik hartu zuten aurrea Olaizola II.ak eta Merino II.ak, eta 18 eta 1 aurreratu ziren. Victorrek eta Zabaletak akats ugari egin zituzten, ezinean ibili ziren. Aurreko koadroetan Olaizolak Victor dominatu zuen eta, atzekoetan, Zabaletak ezin izan zuen Merino II.aren kontra gailendu. Azkenean, 22 eta 5 galduta, torneotik kanpo geratu dira.

Ezkurdia-Rezusta edo Olaizola II.a eta Merino II.a
B multzotik finalera nor sailkatuko den, hori erabakiko da ostiralean, 19:15ean, Ezkurdia-Rezusta eta Olaizola II.a-Merino II.a bikoteen arteko partidan (ETB1, ntb). Biek puntu bana dute eta irabazlea sailkatuko da igandean jokatuko den final handirako. Asteazkenean eman zuten maila ikaragarria ikusita, arbizuarrak eta Rezustak dena eman beharko dute.
A multzoan, gaur erabakiko da nor sailkatuko den final handirako, Altuna III.a-Albisu edo Irribarria-Untoria. Bi bikoen arteko partida gaur jokatuko da, 19:15ean. 15 tanto eginez gero, Altuna III.a eta Albisu finalerako sailkatuko lirateke.