Bost urte Arte Bidean

Guaixe 2016ko urr. 14a, 09:11
Arte azokako erakusketa muntatzen.

Gaur, 20:00etan, mustutzea. Azaroaren 13ra arte astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Pintura, eskultura, instalazioa, bideoa, argazkia eta zuzeneko musika. Sormen adierazpide horiek guztiak bildu ditu Arte Bidek Altsasuko V. Arte Azokan. 36 sortzaileren lanak dira, 27 sakandarrenak eta 9 gonbidaturenak. Sakandarrek ezagutzen eta gonbidapena onartu dutenak dira azken horiek. Erakusketa gaur mustuko dute. Altsasuko musika eskolako zortzi gitarra ikasle ariko dira Puri Altzelai irakaslearekin batera mustutzean. Haien ondoren Jurgi Oraa disko jartzaileak erakusketa girotzeko musika jarriko du. Oraak erakusketarako propio musika sortu du eta hura zabalik dagoen bitartean entzuteko aukera izanen da.

Sortzaile gehienak gaurko mustutzean izanen dira. Baita igande goizean ere, artisten topaketa izanen baita. Feria eguna dela baliatuz goizez zabalik egonen da erakusketa, 10:00etatik 14:00etara. Jendeak artistetako batzuk lanean ikusi, haiekin hitz egin eta haien salmahaietan neurri eta itxura ugaritako obrak ikusi eta erosteko aukera izanen du.

Hogeita hamaseiak
Iortiako erakusketa gelan hainbat sortzaile sakandarren lanak ikusteko aukera izanen da: Koldo Arnanz, Helena Santano, Carlos Rivera, Sagri Mauleon, Chuffi, Beatriz de la Vega, Maite de Miguel, Jokin Kale, Lali Burgoa, Adela Sanchez, Bidatz Razkin, Jule Kosta, Itziar Nazabal, Maider Perkaz, Argiñe Berastegi, Rosa Arnanz, Ana Goikoetxea, Joseba Salegi, Angel Antonio Agirre, Kiki Asensio, Elena Vera eta Manolita Thunders.

Bost sortzaile sakandar berri daude erakusketan: Jose Mari Olmos (eskultura), Patxi Zelaia (argazkia), Nagore Vilar (argazkia), Elur Oliz (argazkia) eta Yolanda Mazkiaran (bideoa).

Bederatzi artista gonbidatu daude, Alemanian, Madrilen, Bilbon eta Iruñean habia dutenak: Teresa Olaizola, Javier Gonzalez, Amaya Vicente, Aurora Suarez, Armburster Klaus, Patricia Paats, Yolanda Martinez, Iñaki Otxoa eta Burubiarte.

Zozketa
Arte Bideko kideak zozketa baterako txartelak euro batean saltzen ari dira. Igandean zozketatuko dute. Zenbaki saritua duenak kolektiboko artistek aukeran emandako lanen artean bat eskuratuko du.