Lakuntzan jokatuko da XVI. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia

Guaixe 2016ko urr. 21a, 14:51

Larunbatean, 17:00etan kategoria txikiko probak hasiko dira eta 18:00etan proba nagusia (8 km) eta Osasun Martxa (3 km)

Aurten Lakuntzak hartuko du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako XVI. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Guztia prestatzeko Lakuntzako Zabalarte klubaren, Dantzaleku Sakana klubaren, Lakuntzako Udalaren eta Lakuntzako Pertza elkartearen babesa izan du Mank-ek. Burundesa da probaren babesle nagusia, baina probak beste laguntzaile batzuk ditu: Sakana koop fundizioa, Sakana laser eta Lacunza Kalor Group. Lasterketari dagokionez, bihar jokatuko da, larunbatarekin. 17:00etan kategoria txikiko lasterketak jokatuko dira eta 18:00etan proba nagusia (8 km) eta Osasun Martxa (3 km).

Asteartean aurkeztu zuten lasterketa Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak eta Zabalarteko eta Lakuntzako Pertza elkarteetako kide Nourdine Jdi Babak. “Sakanako herri lasterketarekin lasterketa herrikoi bat egin nahi dugu, aldi berean kirol eta kultur alorrak landuz. Sakanako herriak ezagutzera eman nahi ditugu, eta horregatik antolatzen dugu proba urtean herri batean. Jakina, atletismoa bulkatu nahi dugu, krosa bereziki” azaldu zuen Gerrikagoitiak, Sakanan atletismoak indarra duela nabarmenduz. “Hor daude Dantzaleku Sakana eta Zabalarte bezalako klubak eta hor daude ere Sakanan barna antolatzen diren hainbat eta hainbat lasterketa: Ziordian, Olaztin, Altsasun, Itrumendi-Bakaikun, Ergoienan… Horregatik sortu genuen, bere garaian, Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sari Nagusia, sakandarrak bertako probetan parte hartzera animatzeko. Eta ez da ahaztu behar Behobia-Donostia ate joka dagoela eta sakandar askok parte hartzen duela bertan. Behobia prestatzeko proba polita da Sakanakoa” gaineratu zuen kirol teknikariak.

Sakanako Herri Lasterketan edozeinek parte har dezake, eta bertan aritzera animatu dituzte sakandarrak eta Sakanatik kanpokoak. “Herrietan sortzen den giroa nabarmendu nahi nuke. Aurreko urtean Urdiainen antolatu genuen eta oso giro polita izan zen. Aurten Lakuntzan hala izatea espero dugu” opa zuen Gerrikagoitiak. Kategoria txikien proban 100 korrikalari inguru aritzea eta proba nagusian beste horrenbeste. Zifra horiek aurreikusten dituzte Mank-en.

17:00etan txikiak
Aurrebenjaminetako probak 17:00etan hasiko dira (275 m), benjaminenak 17:05ean (450 m), kimuenak 17:10ean (750 m) eta haurrenak 17:20ean (900 m). Kadeteak, aldiz, helduen proban lehiatuko dira.

Bi aukera: Osasun Martxa (3 km) edo Sakanako Herri Lasterketa (8 km)
18:00etan abiatuko da Sakanako Herri Lasterketa (8 km). “Herriari buelta ematen dion 3 km-ko zirkuitu handia prestatu dugu. Zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio, eta ondoren 2 km dituen zirkuitu txikiari buelta bat emango zaio. Horrela, 8 km osatuko dira guztira” adierazi zuen Zabalarteko Nourdine Jdik. Nourdinek nabarmendu duenez, “zirkuitu oso azkarra da. Pare bat aldapa kenduta oso azkarra da”.

Aurten, nobedade moduan, 3 km dituen Osasun Martxa antolatu du Mank-ek, proposamen bat aintzat hartuta, eta dohain. “Lasterketa luze egiten zaienei begira edo korrika egiten hasi berri direnendako, ibilbide motzago bat egitea pentsatu dugu. Osasun Martxan parte hartzen dutenak 18:00etan abiatuko dira, Sakanako Herri Lasterketakoekin batera, eta hauek soilik buelta bat eman beharko diote zirkuitu handiari, 3 km eginez. Honekin, partaidetza bulkatu nahi dugu, jende guztia anima dadila korrika egitera” animatu zuen Gerrikagoitiak.

Kadeteei dagokienez, helduekin batera ariko dira, baina 5 km osatu beharko dituzte –Zirkuitu handiari buelta bat eta txikiari buelta bat–.

Zabalartekoek prestatu dute ibilbidea eta eurak ere arituko dira muntaketan eta lanean.

Sariak
Proba bukatzerakoan sari ematea izanen da eta ondoren korrikalari guztiendako auzatea. Sakanako Herri Lasterketako irabazleek txapela eta herriko produktuak jasoko dituzte. Bestalde, lehen sakandarrek, lehen kadeteek, lehen jubenilek eta lehen beteranoek –35-49 urteko maila, 50-59 urteko maila eta 60 urtetik gorakoa– herriko produktuak ere jasoko dituzte. Bestalde, helduen lasterketa bukatzen dutenen artean Peio Goikoetxeak eskainitako masajeak eta herriko produktuak zozketatuko dira.
Aipatzekoa da Osasun Martxan parte hartzen dutenen artean 2 pertsonendako bazkari edo afari bat zozketatuko dela.

Izena ematea zabalik
Sakanako Herri Lasterketan parte hartzeko www.kirolprobak.com web gunean eman daiteke izena, ostiralean, 21:00ak arte (10 euro txip horia eta 9 euro txip txuria). Egunean bertan, 15:30etik 17:30era eman daiteke izena, Lakuntzako udaletxean (10 euro txip horia eta 11 euro txip txuria). Osasun Martxan parte hartzen dutenek ez dute ordaindu behar izango ezta kadete mailakoek ere. Kategoria txikietan ariko direnak, aurrebenjaminetik haurren mailara, Lakuntzako udaletxean eman beharko dute izena, 15:30etik 16:45era, doan. Informazio gehiago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus).   

Sakanako Koparako baliagarria
Sakanako Herri Lasterketa XIII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sari Nagusirako baliagarria da. Orain arte burututako probak kontuan hartuta, emakumezkoetan Ginesa Lopez doa lehena, Maite Zabaletaren eta Izaskun Beunzaren aurretik. Eta gizonezkoetan Raul Audikana da lehena, Sergio Garcia de Eulateren eta Alberto Martinezen aurretik.