LABen “osasun onaren” adierazle, egoitza berria zabaldu du

Guaixe 2016ko aza. 17a, 19:30

Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen egoitzak izan ondoren, Altsasun kokatu zuen LABek ibarreko egoitza. Sindikatu abertzalearen Leitzaldea, Larraun eta Sakanako egoitzaren Altsasuko kokapen berria mustu zuten ostiralean. Altsasuko San Juan kalean dago.

Sakanako LABeko idazkari Gaizka Uhartek azaldu digunez, egoitzaren aldaketa sindikatuaren garapenarekin batera doala. “LAB sindikatu txikia da, 40 urteko historia duena. Sindikalgintzan pausoak ematea zaila eta konplikatua izaten da”. Aurten LABek Nafarroako langilearen %15 ordezkatzea lortu duela nabarmendu zuen Uhartek. “Aurrenekoz ordezkaritza nagusiko sindikatua gara. Horrek aukera ematen du hitzarmen eta akordioetan indar gehiagorekin egoteko, legeak horrela agintzen duelako”.

Sakanan LABek langileriaren %38 ordezkatzen duela jakinarazi zuen Uhartek. “Urte askotan egindako lanagatik da hori”. Haiek eta ELAk ibarrean 67na delegatu dituztela azaldu zuen. “Sakanan indar egonkortu eta sendoa gara. Egia da horrek eskatzen duela salto bat ematea eta, pixka bat, sendotasun hori kalean erreferentzia bat izatea”. LABek kalean egoteko helburua du eta egoitzaren kokapen berriak, “agian kalean egon daitezken arazo eta borroka guztietatik gertuago egon gaitezke”.

LABek Sakanan osasun “ona” duela azaldu du Uhartek. “Erronka gogorra izan dugu. Sakanako enpresen izaera aldatu egin da. Ibarrean, tradizionalki, enpresa batzordeetan dagoen sindikatua izan gara, baina enpresa txikietara iristeko zailtasunak izan ditugu. Gaur egun enpresa txikiak handiak baino gehiago dira. Itxiera guztiekin erronka hori ere gainditu dugu, hau da, gure gehiengoak hobetzea lortu dugu eta enpresa txikietan sartu”.

Egoitzaz
LABen Sakanako egoitzan zerbitzu berak eskaintzen segituko dute, baina lege-aholkularitza indartuko dutela jakinarazi du Uhartek. “Afiliatuendako badugu. Baina Sakanan dugun ardurek, enpresan ditugun gehiengoek, aholkularitza sendoago bat egotea behar duela uste dugu. Baita langileen ordezkariek lan egiteko toki egoki bat izatea ere”.  

Bulegoak bi solairu ditu eta behean batzarrak egiteko aukera izanen dute. Uhartek azaldu duenez, “gure asmoa da LABen sailek eta delegatuek ez ezik, herriko eragileek lekua izatea. Haiekin elkarlanean aritzeko. Egoitza herriari, herrian dauden kezkei eta borrokei zabalik egotea nahi dugu”.

Erlazionatuak