Zubeztiako 36. Oinezkoen Lasterketak erabakiko du Sakanako Kopa

Guaixe 2016ko abe. 5a, 09:20

Zubeztia elkarteak antolatutako 36. Oinezko lasterketa edo 33. Alberto Barricarte memoriala abenduaren 8an jokatuko da, Ama Birjinaren egunean, ostegunarekin, 11:30ean

Altsasuko Zubeztia elkarteak Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatutako Oinezkoen Herri Lasterketak 36. edizioa beteko du aurten eta 33. urtea izango da aipatu lasterketak Alberto Barricarte memoriala izena hartu zuela. Proba herrikoi hau, ohi denez, abenduaren 8an jokatuko da, Ama Birjinaren egunean, ostegunarekin, 11:30ean hasita.

Festa eguna da, eta gure korrikalariendako proba berezia da, San Silvestrearekin batera urteko azken hitzordua izaten baita. Aurreko urtean 142 korrikalarik hartu zuten parte proban, eta Antonio Etxeberria iruindarrak (39:17) eta Izaskun Beunza olaztiarrak (48:22) irabazi zuten. Guztira 45 sakandar aritu ziren eta Raul Audikana (41:46) eta Izaskun Beunza (48:22) izan ziren azkarrenak.
 
12,2 km
Zubeztia elkartekoek herrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,2 km. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik. Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasatu eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba.

Izena ematea egunean bertan
Izena ematea dohainik da. Aurretik www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke edo egunean bertan, lasterketa baino lehen, 10:00etatik 11:30era, Gure Etxean. 18 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da. Gainera, sariak zozketatuko dira.

Sakanako atletismo kopako azken lasterketa
Lasterketa honekin 2016ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariari bukaera emango zaio. Egun, emakumezkoetan Ginesa Lopez altsasuarra doa buruan, Maite Zabaletaren eta Izaskun Beunzaren aurretik, eta, gizonezkoetan, Raul Audikana da lehena, Alberto Martinezen eta Sergio Garcia de Eulateren aurretik. Abenduaren 8ko Altsasuko lasterketak erabakiko du sailkapena.