Adimen emozionala

Guaixe 2016ko abe. 2a, 10:20

kolaboratzaileak

Gaurkoan adimen emozionalari egingo diogu tarte bat. Gure bizitzan duen eragina kontuan hartuta, presente izan behar dugun kontzeptu bat dela deritzogu.  

Gure gizartean zabaldua dagoen sinesmena honakoa da: zenbat eta ikasketa gehiago eduki  –ikasketa unibertsitarioak, masterrak…– orduan eta adimentsuagoa zara. Egia da ikasketak izatea oso positiboa dela, baina horrek ez digu gure bizitzaren arrakasta osoa baieztatzen. Pertsona batek lau hizkuntza jakin ditzake, baina ez badu ahalmenik beste pertsonekin harreman egokiak izateko edo bere motibazio pertsonalak ezagutzeko, nola mugituko da munduan?

Gizakiaren jokaera aztertzen dutenek baieztatu dute pertsona baten arrakastaren %20 adimen intelektualarekin harremanetan dagoela, beste %80, ordea, emozio gestio egokian oinarritzen dela. Hau dela eta, emozioen gestioari bere tartea eskaintzea merezi du, ezta? Bi adimen hauek ez dira kontrakoak, biak elkarlanean gure ongizatea sustatzen baitute.

Adimen emozionalaren barruan bost konpetentzia aurkitzen ditugu: norberaren burua ezagutzea, norberaren motibazioa, enpatia, emozioen erregulatzea eta gizarte baliabideak.

Piramide batean irudikatzen baditugu, oinarrian norberaren burua ezagutzea dago. Horrek ateak irekiko dizkigu garapen pertsonaleko esparruan errazago mugitzeko. Nolakoa naiz? Zein emozio bizitzen dut gehien? Beldurra, tristura, poza… zein pentsamendu motak izaten ditut?...

Hemendik abiatuta beste konpetentziak ere garatu ahal izango ditugu. Norberaren motibazioak laguntzen digu emozio egokiak erabiltzen, lortu nahi ditugun helburuak eskuratzeko. Nire bizitzan helburuak ditut? Helburu hauek lortzen ditut? Gauzatzen ditut?

Enpatiak beste pertsonek sentitzen dutena jakiten lagunduko digu. Besteen hitzak aditzen ditut? Besteen emozioak identifikatzen ditut?

Emozioen erregulatzeak gure emozioak erregulatzen lagunduko digu. Haserretzen naizenean, zein intentsitatearekin egiten dut? Zenbat denbora eskaintzen diot tristurari? Eta pozari?
Besteekin mantentzen ditudan harremanekin bukatuko dugu, baliabide sozialekin hain zuzen.

Hauek besteekin era egokian harremantzen lagunduko digute. Zein nolako harremanak ditut besteekin? Besteei laguntza eskatzea kostatzen zait? Nola jasotzen ditut kritikak?

Konpetentzia desberdin hauekin lan egitera animatzen zaituztegu.