Eguberrietan txartelarekin abantaila gehiago

Guaixe 2016ko abe. 16a, 10:07
BeleixeGuaixe txartela eta hura erabili daitekeela adierazten duen dendako kartela.

BeleixeGuaixe txartela erabiltzen dutenak ohiko deskontuez aparte 30 euroko hiru erosketa txartelen zozketan sartuko dira.

Guaixe fundazioko laguntzaile guztiek hala direla identifikatzen dituen txartel bana dute. Txartelak ibarreko 80 establezimenduetan baino gehiagotan erosketak egiterakoan abantailak eskaintzen ditu. Eta eguberrietan beste aukera bat batzen zaio. Abenduaren 2tik ilbeltzaren 5a bitartean erosketak egitean BeleixeGuaixe txartela erabiltzen duena zozketa batean sartuko da: 30 euroko hiru erosketa txartel. Horretarako zer egin behar den? Erraz asko: ordaintzerakoan txartela erakutsi eta datuekin eta harremanetarako telefonoarekin papertxoa bete. Ilbeltzaren 12an eginen da zozketa eta hurrengo eguneko Guaixe astekarian jakinaraziko dira irabazleak.

BeleixeGuaixe txartelak asmo bikoitza du. Alde batetik, Sakanako euskarazko hedabideak sustatzea. Horretarako, txartela eskuratzen dutenak urtero kuota bat ordaintzen dute. Gutxienekoa 50 eurokoa da. Baina errenta aitorpenaren bidez ekarpen horren %80 itzultzen da. Horri establezimenduetan eskaintzen diren abantailak gehitu behar zaizkio. Txartelaren beste asmoa ibarreko ekonomian eragitea da eta txartela dutenek Sakanako establezimenduetan erosketak egitera bulkatu. Horrela, dendaz betetako kale biziak izanen ditugulako.