Garbigunea Pilotajaukun 2017rako

Guaixe 2016ko abe. 23a, 14:02
Garbigune mugikorraz aparte, heldu den urtean garbigune finko bat izanen da Pilotajaukun.

Altsasuko Udalak Pilotajaukun duen biltegiaren ondoan gaur egun industria-edukiontzi handiak uzten dira eta altsasuarrek han denetarik botatzen dute. Bereizi gabe. Hiri hondakinen tratamendu egokia egiteko Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak han garbigune bat egitea erabaki dute. Egungoa arautzeko espazio bat itxiko dute eta porlanezko zorua emanen diote. Han barruan hainbat edukiontzi izanen dira, hondakinak gaika egoki birziklatzeko. Lanak heldu den urtean eginen dira eta bukatu aurretik garbigunearen kudeaketa nola egin erabaki beharko dute Mank-ek eta udalak.

Bestalde, hondakinen kudeaketarako Mank-ek Ziordian transferentzia planta bat egitea aurreikusi du. Altsasuko eta Ziordiko lanak 70.000 euro inguruko aurrekontua izanen dute. Nafarroako Hondakinen Partzuegoak pagatuko du eta horretarako gobernuaren 56.082 euroko diru-laguntza izanen du.