Mank-ek Arakil aldean ur hornidura bermatzeko lanak eginen ditu

Guaixe 2016ko abe. 23a, 14:13
Irurtzungo ikuspegia.

1.010.000 euro inbertituko ditu Mank-ek, gobernuak 888.000 eurorekin lagunduko dituenak.

Irurtzunek eta Arakilgo herriek Iribasko iturburuko ura edaten dute. Ur ekarria egiten duen hoditeria hainbat tokitan ez dago bere egoera onenean. Matxurek ur ihesak eragiten dituzte eta zerbitzua kaltetu. Horretaz aparte, hoditeriaren zati bat Irurtzungo Plazaolako tuneletik pasatzen da. Lur-jauziengatik tunela itxita dago. Tunela berritzeak dirutza eskatzen du. Baina tunelean dagoen ur ekarriko zati horretan matxuraren bat gertatuz gero, zaila edo ezinezkoa izanen litzateke konponketa. Horregatik, ur ekarriko hoditeria berria tuneletik kanpo eramateko asmoa dago.

Horregatik guztiagatik, Mank-ek Iribas eta Irurtzun arteko hoditeriaren hiru zati konpontzeko eskaera aurkeztu zuen. Lanek 610.000 euro inguruko aurrekontua izanen dute eta Nafarroako Gobernuak 488.000 eurorekin lagunduko ditu. 2017an eginen dira lanak, eguraldiak aginduko du noiz.

Urdalurdik
Ziordiko lurretan dagoen Urdalur urtegia Sakana guztia urez hornitzeko jaso zen. Gaur egun bere sarea, alde batetik, Ziordira eta bestetik Ihabarrera arte iristen da. Arakilgo eta Irurtzungo ur hornidura bermatzeko Mank-en aspaldiko asmoa da Urdalurko ur sarea haraino luzatzea. Horretarako, diru-laguntza eskaera egin zuen Mank-ek, baita gobernuak onartu ere. Miloi erdiko aurrekontua du Ihabar-Irurtzun arteko hoditeria zatirako laguntza eta foru administrazioak 400.000 euro jarriko ditu. Lan horiek 2019an eginen dira.