Binakakoa: bina puntu dituzte Ezkurdiak eta Zabaletak

Guaixe 2017ko urt. 3a, 13:56

6. jardunaldian Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari Elezkanok eta Zabaletak (ostiralean, Eibarren) eta Olaizola II.aren eta Untoriaren kontra jokatuko dute Ezkurdiak eta Merino II.ak (igandean, Sorian)

Aurrera doa Eskuz Binakakoa. Bosgarren jardunaldian Ezkurdiak eta Merino II.ari 18 eta 22 irabazi zieten Altuna III.ak eta Barriolak partida lehiatu eta ikusgarrian. Altuna kantxara itzuli zen eskuin belauneko bihurrituarengatik ia hilabete bat geldirik egon ondoren, baina sasoi betean itzuli zen amezketarra, bikain aritu baitzen. Partida bikaina izan zen, oso landua, Ezkurdia ere bikain aritu baitzen. Hasieran 10 eta 4ko aldea atera zuten Ezkurdiak eta Merinok, baina partidari buelta eman zioten Altuna III.ak eta Barriolak eta 18ra berdindu eta gero lau tanto egn zituzten segidan, garaipena eta euren bigarren puntua lortuz.

Bestalde, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra 22 eta 18 galdu zuten Elezkano II.ak eta Zabaletak. Partida gogorra izan zen eta parez pare aritu ziren bi bikoak, baina partidako azken txanpan Oinatz Bengoetxea finago ibili zen eta berak eta Larunbek irabaztea lortu zuten, hori bai, ederki izerditu eta gero.

Seigarren jardunaldiak dakarrena
Ezkurdia-Merino II.ak eta Elezkano II.a-Zabaletak bina puntu dituzte. Ostiralean, 17:00etan, Eibarren (ETB1), puntu bakarra duten Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte arerio Elezkano II.ak eta Zabaletak. Puntuen faltan, lehia oso estua espero da. Eta igandean, 17:00etan, (ETB1) Sorian lehiatuko dira Ezkurdia eta Merino II.a 3 puntu dituzten Olaizola II.aren eta Untoriaren kontra. Jokoan dagoen puntua ere garesti egongo da.