Trikitixa jaialdia, omenaldi eta guzti

Guaixe 2017ko urt. 10a, 08:23

Jaialdian parte hartu zuten musikari guztiak elkarrekin joz despeditu zen larunbatean Nafarroako Trikitixa Jaialdiaren hirugarren edizioa. Familiako bikoteekin edota hirukoteekin prestatu zuen aurtengo egitaraua Nafarroako Trikitixa Elkarteak. Oholtzatik Narbarte anai-arrebak, Laja aita-semeak eta Aritz, Etxabe anaiak, Lasa ahizpak, Elustondo anai-arrebak, Alkorta anai-arrebak eta Enaitz (semea) eta Etxaniz anaiak pasa ziren eta bakoitzak hiruna pieza jo zituen. Jaialdia txukuna izan zen. ETBk grabatu zuen.

Telleria anaiek gidatutako saioa Patxi Agirre arbizuarraren bost ikasle ohiren kalejira batekin despedituko zela zirudien. Haiek oholtzara igo eta trikiti elkarteko kidearen omenez aurreskua jo eta dantzari batek dantzatu zuten. Bukaeran txapela jantzi zion. Nafarroara trikitixa ekartzearen “errudun” izateagatik omendu zuten Agirre, hala azaldu zuten behintzat aurkezleek. Altsasuko erreferentziaz beteta zegoen eszena-tokian musikari guztiek elkarrekin joz despeditu zen.