Nano-literatura

Guaixe 2017ko urt. 13a, 10:46

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskaltegietako ikasleei eta Mintzakide programako kideei zuzendutako nano-ipuin lehiaketa antolatu du. Sakandarrek parte hartu dezakete bakarrik lehiaketan. Bakarka sortutako lanak onartuko dira soilik. Idazleen euren nano-ipuinak sortzeko gutxienez 100 hitz eta gehienez 150 erabili ahalko dituzte. Euskara hutsean idatzitako testuak izan beharko dute, argitaratu gabeak, jatorrizkoak eta beste edozein lehiaketetan saririk jaso gabeak izanen dira. Euskara Zerbitzutik gaztigatu dutenez, indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko. Zerbitzuak berak aukeratuko du epaimahaia eta haren epaia apelaezina izanen da.

Martxoak 17ra arte
Lanak egun horretara arte aurkeztu daitezke. Nano-ipuinak, pdf formatuan, euskara1@sakana-mank.eus helbidera bidali behar dira. Sorkuntza lanarekin batera egileak bere izen-abizenak, telefonoa, helbidea, e-posta eta ikasketa-maila zein diren dioen beste dokumentu batean bidali beharko du.

Lehiaketako mailak* eta sariak
1. A1 eta A2 mailetako ikasleek har dezakete parte         Liburu sorta
2. B1 mailako ikasleek                    Liburu sorta
3. B2 eta C1 mailetako ikasleendako da            Liburu sorta
*Mintzakide programakoek duten ezagutzaren pareko mailan parte hartuko dute.