Madrilgo nazioarteko turismo azokan, Fiturren, Sakana mapan kokatzera joan ziren Sakanako Garapen Agentzia (SGA) eta Bidelagun turismo elkartea aurreko ostegun eguerdian. SGAko turismo teknikari Paki Urbitartek jakinarazi digunez, “Nafarroako Gobernuak bere standeko gai nagusi gisa ibilbideak hartu zituenez, Sakanako xenden berri emanez han egon beharra genuela uste genuen”. Urbitartek esan digunez, “Sakanan kalitatezko ibilbide edo xendak daudela eta ibarrera garraio publikoan, trenez edo autobusez, etorri daitezkeela nabarmendu genuen”. Aurkezpenak “harrera polita” izan zuela esan digu Urbitartek. “Gainera, gobernukoek egindako lana ikusi zuten”.
Joan den urtean SGAk eta Bidelagunek ibilbideen inguruko azterketa egin zuten. Hainbat ibilbide aztertu zituzten. Baina denen egoera berdina ez zenez, zenbait irizpide zehaztu eta haiek betetzen dituzten ibilbideekin lanean hastea erabaki zuten. Aurreneko fase honetarako ibilbideen hasieran informazio panelak dituzten ibilbideak, egoki seinaleztatuta eta egoera onean daudenak aukeratu dituzte. Baldintza horiek dituzten ibilbide horien herrietako udalekin hitzarmenak sinatu dituzte ere.
Guztira 16 bat ibilbidez osatutako sorta bat aurkeztu zuten Fiturren. Haietako 4 Urbasan daude eta gainontzekoak herrietan. Haien berri ematen duen mapa bat argitaratu nahi dute orain. Aste Santurako kalean izatea nahi lukete. Etorkizunean ibilbide gehiagoren inguruko informazioa lantzea ez dute baztertzen.