Binakakoa: emozioz betetako partidan, puntua Elezkano eta Zabaletarendako

Guaixe 2017ko urt. 30a, 09:53
Argazkia: J.A.Hernandez.

Ezkurdia-Merinok eta Elezkano-Zabaletak larunbatean Labriten jokatutako partida (21 eta 22) ikusgarria izan zen, zaletasuna sortzen dutenetakoa. Puntua Elezkano eta Zabaletarendako izan zen, baina bi bikoteek irabaztea merezi izan zuten

Sekulako partida. Ikusgarria. Binakakoan orain arte jokatuen artean emozio gehien izan duena. Afizioa sortzen dutenetakoa. Jokoan zegoen puntua bi bikoen artean banatzea, egokiena. Eta halako hainbat eta hainbat iritzi eta aipamen entzun izan dira egunotan. Jakina, larunbatean Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldian Ezkurdia eta Merinok Elezkano eta Zabaletaren kontra jokatutako partidaz ari gara, pilotari sakandarren arteko lehiarena.

Danel Elezkano kantxetara itzuli zen bi jardunalditan lesionatuta egon ondoren. Erritmoan nabarituko ote zitzaion zen katedraren kezketako bat. Baina Zaratamokoak laster uxatu zituen kezka guztiak. Aipatu beharra dago partida hasieran akatsak izan zirela nagusi. Erritmoa hartzea kosta egin zitzaien pilotariei. Izan ere, huts askoko partida izan zen –lehen hamar tantoetatik zazpi akatsengatik erabaki ziren– eta emozio eta tentsio handikoa, pilota zaleek ederki gozatu zutena.

Parez pare aritu ziren lau pilotariak. Horren isla, partidak izan zituen berdinketak. 11 aldiz berdindu zuten, azkena 21era. Hasieran Elezkano eta Zabaleta aurreratu ziren, 7 eta 11, Elezkano aurreko koadroetan nagusi zela eta atzean Zabaleta agintzen zebilela. Baina 11 eta 12 hurbildu ziren Ezkurdia eta Merino, eta nahiz eta Elezkano eta Zabaleta atzera ere aurreratu, 12 eta 15, Ezkurdiak eta Merinok bost tanto egin zituzten segidan eta 17 eta 15 jarri ziren aurretik. Merinok aurrerapausua eman zuen eta bi bikoteen indarrak parekatu ziren. Tarte horretan ere hainbat huts izan ziren, baina partida, zalantzarik gabe, oso lehiatua izan zen, lau pilotariak aurreko koadroetan sartuta zirela.
Azken tartean 19 eta 21 aurreratu ziren Elezkano eta Zabaleta, Ezkurdiak txapara bidalitako pilota bati esker. Baina Ezkurdiak eta Merinok ez zuten partida galdutzat eman eta tanto luze eta ikusgarrian, 20. tantoa egitea lortu zuten eta, segidan, 21era berdindu zuen Ezkurdiak, pilota aurrean moztuta. Ordurako lehertuta zeuden lau pilotariak, txikituta, eta Labrit betetzen zuten pilota zaleak, aldiz, emozioz lehertuta.

Puntu bana merezi zuten bi bikoek, baina azken tanto horrek erabaki zuen. Ia arrastaka Danel Elezkanok ezker gantxoarekin 22. tantoa egin eta gero, jokoan zegoen puntua Elezkanok eta Zabaletak lortu zuten. Pilota zaleek zutik eta txaloka despeditu zituzten lau pilotariak. Zabaleta eta Elezkanok euren bosgarren puntua lortu zuten eta, aldiz, lau punturekin geratu ziren Ezkurdia eta Merino.

Gaur despedituko da Binakako 9. jardunaldia. Irribarria eta Rezusta liderrek Bengoetxea VI.a eta Larunbe izango dituzte aurkari, Tolosan, 16:30ean hasiko den jaialdian. Tartean, Zilarrezko Binakakoaren barruan, Errandonea eta Julen Martijak Arteaga eta Erasun izango dituzte aurkari.

Sailkapena
Gaurko partida horren emaitzaren zain, momentuz Irribarria eta Rezusta daude buruan (7 puntu). Elezkano II.a-Zabaletak eta Artola-Albisuk bosna puntu dituzte eta Ezkurdia-Merino II.ak, Olaizola II.a-Untoriak eta Altuna II.a-Barriolak launa puntu. Azkenik, Bengoetxea VI.a-Larunbek eta Urrutikoetxea-Imazek hiruna puntu dituzte.  

Datorrena
Beraz, oraindik asko dago erabakitzeko Binakako hasierako ligaxka despeditzeko faltatzen diren 5 jardunalditan. Asteburuan 10. jardunaldia dago jokoan eta ostiralean, Mallabian, Ezkurdiak eta Merinok Irribarria eta Rezusta liderrak izango dituzte aurkari. Bosgarren puntua lortzea, hori dute buruan Ezkurdiak eta Merinok eta lidergoa eustea, berriz, Irribarriak eta Rezustak. Bestalde, igandean, Bilbon, Elezkano II.ak eta Zabaletak Olaizola II.a eta Untoria izanen dituzte aurkari. Bi bikoteak irabaztetik datoz, konfiantzarekin. Sailkapenean sendotzeko euren seigarren puntua lortu nahi dute Elezkanok eta Zabaletak, eta sailkapenean goiko postuetara salto egiteko, aldiz, euren bosgarren puntua lortu nahi dute Olaizola II.ak eta Untoriak. Hortaz, beste bi partida ikusgarriren aurrean gaude, zalantzarik gabe.

Binakakoa: 10. jardunaldia
Irribarria-Rezusta / Ezkurdia-Merino (ostiralean, 22:00etan, Donostian. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Urrutikoetxea-Imaz (larunbatean, 17:45ean, Iruñean)
Artola-Albisu / Altuna III.a-Barriola (larunbatean, 17:30ean, Idiazabalen)
Olaizola II.a-Untoria / Elezkano II.a-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Bilbon. ETB1)