AGAk Altsasuko txapelketan aritzeko gonbitea egin du

Guaixe 2017ko ots. 2a, 11:23

III. Bikotekako Pilota Goxua Txapelketan izena ematea zabalik dago otsailaren 11ra arte

Aurreko bi edizioetan izandako arrakastaren ondoren, aurten ere Altsasuko Gazte Asanbladak, Pilotajauku klubaren laguntzarekin, III. Bikotekako Pilota Goxua Txapelketa antolatzea erabaki du.

Izan ere, aurreko urtean guztira 36 bikote lehiatu ziren II. Bikotekako Pilota Goxua Txapelketan, 24 bikote 2. mailan eta 12 bikote lehen mailan. Txapelketak ikusmin handia piztu zuen eta finalean, esaterako, 300 ikusletik gora bildu ziren, sekulako giroan. 2. Mailako finalean Martinez eta Flores izan ziren txapeldunak eta lehen mailakoan Murgiondo eta Nabarro.

Aurtengo txapelketa, III. Bikotekako Pilota Goxua Txapelketa, otsailaren 17an hasiko da eta maiatzaren 6an jokatuko dira final handiak, Altsasuko Alde Zaharreko festetan. Aurten Altsasuko atxilotutakoak gogoan izan nahi dituzte, “Oihan, Adur eta Jokin frontona!” leloarekin.

Emakumeak ere
Txapelketa lau mailatan jokatuko da: lehen maila, bigarren maila, hirugarren maila eta, nobedade moduan, nesken maila. Partidak ostiral arratsalde eta gauetan eta domeka arratsaldetan jokatuko dira, Burunda frontoian.

Izena ematea
Otsailaren 11ra arte , 646 772 899 telefonoan edo altsasukogazteasanblada@gmail.com epostan.