Igoa eta Cerezoren Nafarroak Euskadiren kontra galdu eta Murtziaren kontra irabazi

Guaixe 2017ko ots. 7a, 12:56

VIII. Autonomien Arteko Emakumezkoen Espainiako Txapelketa Nazionaleko 2. faseko partidak jokatu dira, asteburuan, Athletic Klubak Lezaman dituen instalazioetan

Asteburuan VIII. Autonomien Arteko Emakumezkoen Espainiako Txapelketa Nazionaleko 2. saseko partidak jokatu dira Athletic Klubak Lezamen dituen instalazioetan. Nafarroako 16 urtez azpiko selekzioan dabiltza Irati Igoa etxarriarra eta Aroa Cerezo lakuntzarra, biak emakumezkoen Altsasu futbol taldeko jokalariak.

Ostiralean Euskadiren kontra jokatutako lehian galdu egin zuten nafarrak. Partida hasi eta berehala aurreratu ziren Euskadikoak. Iara Lacostak berdintzea lortu zuen, baina nafarrek ez zuten jokoa hobetu eta atsedenaldia baino lehen beste bi gol sartu zituzten Euskadiko jokalariek, atsedenaldira 3 eta 1arekin joanez. Bigarren zatian beste jarrera bat izan zuten nafarrek. Euskadikoei ongi eutsi zieten eta erasora pasatu ziren. Horrela, Irati Igoa etxarriarrak Nafarroaren aldeko gola sartu zuen eta markagailuan hurbildu ziren nafarrak. Irati Igoak hirunako berdinketaren gola egiteko aukera izan zuen partida bukatzeko minutu baten faltan Euskadiko atezainaren aurre-aurrean egon zelako, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan eta 3 eta 2 galdu zuten nafarrek.

Larunbatean, hurrengo partidan, Murtziako selekzioa izan zuten aurkari. Nafarroako selekzioak partida ona jokatu zuen eta 1 eta 2 irabazi zion Murtziari, Ana Andraizek eta Ane Ansak sartutako golei esker.