Nafar Lansarek jakinarazi duenez, ilbeltza akaberan urte hasieran baino zazpi langabe gehiago zeuden izena emanda Altsasuko enplegu bulegoan. %0,7ko igoera. Guztira 1.005. Duela urte batekin alderatuta langabeziak % 10,35 egin du behera. Hala ere, Sakanako datua osatzeko Iruñeko zabalguneko irurtzundarren eta arakildarren datua gaineratu beharko dira. Kontratuei dagokienez, Altsasuko bulegoaren bidez ilbeltzean 699 kontratu sinatu ziren, haietatik 42 besterik ez ziren behin betikoak izan.
Nafarroari dagokionez, 41.242 pertsonakoa zen ilbeltza despeditzean langabezian. Hau da, urte hasieran baino 1.197 pertsona gehiago dago zeuden lan bila. % 2,99 gehiago. Sexuaren arabera, 23.247 ziren emakumezko langabeak, % 5,6ko edo 1.229 emakume langabe gehiagorekin, eta 17.995 ziren gizonezko langabeak, % 0,2ko edo 32 gizonezko langabe gutxiagorekin. Beraz, emakumeak dira langabeziaren hilabete arteko igoeraren protagonista bakarrak.
Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak uste du, "langabeziak gora egiten duenean lehenengo balorazioak beti negatiboa izan behar duen arren, azterketa sakonagoa eginez gero, balorazio horrek negatibotasun zati handi bat galtzen du, batez ere garaia kontuan hartuta, horrek eragin handia izaten baitu urteko lehenengo hilabetean bereziki". Eta azaldu du azkeneko hamar urteetako hilabeteko igoerarik txikiena izan dela. Laparrak gogorarazi du urtarrila dela hilabeterik txarrena, hilabete arteko langabezia-tasaren igoerari dagokionez.