guaixe.eus

Alusti Testa, Josefina Arregi klinikaren azken fruitua

  Gizartea  Altsasu  Sakana

Pertsonen gaitasun fisiko eta funtzionala baloratzeko balio duen eskala bat sortu dute Iosu Alustiza Navarro fisioterapeutak eta Juan Jose Calvo Agirre geriatrak. Hura balioztatzeko lanean ari dira.

Alusti Testa, Josefina Arregi klinikaren azken fruitua
Josu (atzean) eta Juan Jose (aurrean) Alusti Testaren aurrean, Santandergo kongresuan. | Ikusi handiago | Argazki originala

“Nere eguneroko lanean gaixoak hobetzen zutela ikusten nuen. Dena sentsazioak ziren, baina, azkenean, erakutsi behar da. Hori eskala baten bidez erregistratzeko behar bezalako modurik ez genuen. Guk bagenekien gaixoak hobetzen zirela, baina kongresuetan eta aurkezteko erregistratu behar da”. Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko fisioterapeuta Iosu Alustiza Navarroren azalpenak dira horiek. Sentsazio horiek eskala batean jasoak gelditzeko lanean hasi zen, “bi urte eta erdiko bidean doa. Eta ordu pila bat sartuta tartean”.

Lehen urratsa Interneten kontsulta egitea izan zen. “Baina behar genuenerako eskala egokirik ez zegoen, dugun gaixo motagatik”. Bere buruari galdezka hasi zitzaion: “zer behar dugu? Zer baloratzen dugu? Zer datu behar ditugu? Pentsatzen hasita, eta nahi gabe, lortu nuen eskala bat diseinatzea, sortzea”. Alusti Testa, edo Test de Alusti, izena eman zion.

Sortzaileak halaxe definitu du: “Pertsonen gaitasun fisiko eta funtzionala baloratzeko balio duen eskala bat da. Eskala horren bidez ikusten dugu pertsona baten egoera zein den, zenbat hobetu duen, zein gabezia dituen eta hori guztia”. Gimnasio lanarekin pertsonek izaten zuten hobekuntza nonbait jasoa gelditzen da orain eta informazio horrek senideei edo lankideei gaixoaren garapenaren berri emateko balio du; “gaixoa zenbat hobetzen den erakusteko. Edo ikusteko zein den bere egoera eta zein arlotan hobetu den gehiago edo gutxiago…” Eta, jakina,”beste profesionalek berdina egiteko aukera izan dezaten”.

Probaldia
Eskala sortu eta klinikako gaixoei eskala pasatzen hasi zitzaien Alustiza. Makina bat alditan probatu zuen eskala. 350 gaixoren datuak jasoak ditu. Klinikara sartzerakoan eta alta eman bitartean egunero haiekin izaten da lanean. Eskalako fitxa indibiduala osatzerakoan honakoak izaten ditu kontuan: “artikulazioen eta muskuluen egoerak, gorputz-enborra sostengu gabe eserita nola gelditzen den, etzanda egotetik esertzera nolako mugimendua egiten den, aulki batetik nola zutitzen den, zutik nola mantentzen den (laguntza asko edo gutxi), nola ibiltzen den (laguntza asko, gutxi, zer laguntza mota), zer distantzia ibiltzen den (ez da berdina pertsona bat 10 metro edo 150 ibiltzea. Autonomia, independentzia maila desberdina da). Horiek guztiak garrantzitsuak dira”.  

Altsasuko klinikaz aparte, Alusti Testa bai Donostian, bai Iruñeko miserikordia-etxean probatu da. Fisioterapeutak esan digunez, “ pertsonen egoera fisiko desberdinetan aztertzen ari gara. Hemengo profila hirugarren adinekoa da, baina, batez ere, menpekotasun fisikoa dutenena. Baina, adibidez, eguberrietan Donostian hirugarren adineko pertsonekin egon nintzen, baina matxaka deitzen diedanekin. Hau da, atletismoko beteranoen mailako lasterketetan parte hartzen dute. 70 urte dauzkate eta maratoiak korritzen dituzte. Hemen baita, Altsasuko kiroldegiko mantentze-gimnasiako taldeekin ere pasa dugu eskala. Datu horiek guztiak jaso, aztertu, konparatu…” Datu basea sortua du eta bere lankideek kontsultatu dezakete. “Horrekin kongresuetan beste lan batzuk aurkezteko aukera dago. Lan egiteko aukera handia dago”.

Balioztatzeko, talde lana
Alustizak dioenez, “azkenean pertsona guztiok gure mugak ditugu. Ni nire lanean jarduten naiz, baina eskala batekin eta balioztatze prozesu batean sartzen bazara laguntza, kontaktuak, estatistika behar dira, eta beste zentroetan ikerketak egin behar dira”. Horregatik, ezagunen atean jotzen hasi zen eta eskuartean zuen egitasmoaren berri eman zien. “Horren ondorioz jende askoren laguntza jaso dut”.

Donostiako Zorroaga zaharren egoitzako Juan Jose Calvo Agirre geriatrarekin batera, elkarlanean ari da fisioterapeuta: “ bizi guztia geriatra moduan aritu da. Lan pila egindakoa da. Sekulako izena du. Kontaktu ugari ditu”. Eskala balioztatzeko tandema sortu dute Alustizak eta Calvok. “Ofizialtzeko, estandarizatzeko erakutsi behar da eskala hori egokia dela. Behin egokia, estandarra dela erakutsi ondoren, edozeinek erabili dezake”. Horretarako, 350 pazienteen datuak estatistikoki aztertzen ari da BioDonostia. Alusti Testa “egokia, fidagarria dela ikusteko, bere emaitzak gaur egun erabiltzen diren beste eskalen emaitzekin alderatzen ari gara baita ere”.  

Fisioterapeutak esan digunez, eskala doituta dute: “geratzen zitzaiguna da, baloratzen genituen mendekotasuna zutenak, autonomia maila altua zutenak ere baloratzen genituen, baina ez ginen gai autonomia altua zuten horien arteko desberdintasuna lortzen. Guretako denak autonomoak ziren. Autonomo horien artean bereizketa egin nahi genuen, denak egoera desberdina dutelako. Eskalari bi puntu gehiago gehitu genizkion: matxaka denak, puntuazio maximoa ematen digu; oso-oso ongi dagoenak, oso ongi baina ez dago matxaka, puntuazio baxuxeagoa; beste batek, ongi dagoen baina bere mugak dituenak, beste puntuazio bat. Horrekin lortzen dugu egoera txarrenetik egoera onenera denak bereiztea”.

Balioztatze prozesuaren ardura JJ Calvorena izanen da. “Lehenengo, erregistro batean erregistro moduko bat egiten dugu. Hau gurea da, esanez bezala; inork ez kopiatzeko. Behin ikerketa horiek aurkeztuta, zientzia aldizkari batean artikulu bat aurkezten da”. Alustizak gaineratu duenez, “datuekin eta ikerketarekin benetan eskala nolakoa den eta zer emaitza lortu dituzun erakusten duzunean, erakundeak esaten du: “bai, bai, hau ofizialki onartuta dago”.

Kongresuetan aurkezpenak
Alustizak dioenez, “egunero nabil gaixo hauekin, eskala hau pasatzen eta badakit informazio asko ematen didala, azkar pasatzekoa dela eta oso egokia dela. Jendeari erakusten diozunean ikusten du ongi dagoela”. Horregatik, joan den urtean Sevillako kongresu batean eta aurten Santanderren aurkeztu dutenean, Alusti Testak profesionalen artean harrera “ona” izan du. “Hala ere, guk esaten duguna, oraindik balioztatze prozesuan gaude. Ea etorkizunean ikerketa handi-handi bat egin dezakegun. Behin eskala balioztatuta”. Alusti Testa hainbat kongresutan aurkeztuko dute: otsailean Bilbon, martxoan Zaragozan, maiatzean Gasteizen eta garagartzaroan Coruñan. Bestalde, “laborategiak testarekin ere interesa dute. Haiek erakutsi nahi dute haien produktuak, farmakoak, onak direla. Beraien helburuak betetzen dituztela. Horretarako ere eskalak behar dituzte”.

Kontuan hartuta jendartea gero eta zaharragoa dela, Alusti Testak erabilera handia izanen duela aipatu diogu eta helburua hori dela gaztigatu digu fisioterapeutak: “guretako poz handiena eskala hau erabilgarria izan dadila beste profesional guztiendako. Azkenean, hirugarren adineko pertsonendako hobea izanen da. Balorazio hobea izanen dutelako. Klinika gisa, hortik klinikaren izena entzutea guretako pozgarria da”.

Lan handia izan da eskala sortzea, baina bidean “sari txikiak” jaso ditu Alustizak: “honi esker jende asko ezagutzeko aukera izaten ari naiz. Hortik mugitzea. Zenbat eta jende gehiago ezagutu, orduan eta gehiago ezagutzen duzu. Beti ikasten da. Laguntzen dizute. Laguntzen duzu. Beste estimulu bat”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak