Juan Luis Maiza, txapelduna

Guaixe 2017ko ots. 15a, 11:22

2016ko Duatloiko Euskal Zirkuituko txapeldunaren saria jaso zuen, beterano 2 mailan

Ilbeltzaren bukaeran urteroko Euskal Herriko duatloi eta triatloi gala ospatu zen
Itziarko Salegi jatetxean. Bertan 2016 urteko triatleta eta duatleta onenak saritu ziren. Tartean, 2016ko Duatloiko Euskal Zirkuituko txapeldunaren saria jaso zuen Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza etxarriarrak, beterano 2 mailan.

Maizatarrek ekin diote denboraldiari, Barakaldon
XIX. Barakaldoko Duatloiak 2017ko duatloi denboraldiari eman dio hasiera. Igandean jokatu zen (5 km korrikan, 21 km bizikletan eta 2,5 km korrikan) eta 75 duatletek osatu zuten proba. Azkarrena Xabier Tijero izan zen (58:36). Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza 18.a sailkatu zen (1:03:51), beterano 2  mailan bigarrena.
Bestalde, emakumezkoetan Ibone Sanchez gailendu zen (1:06:40). Sakana Triatloi Taldeko Leire Maiza 13.a iritsi zen helmugara (1:28:52). Kadete mailan bigarrena izan zen etxarriarra.

Altsasuko duatloia martxoaren 18an eta Arbizukoa 25ean
Zehaztua dago, dagoeneko 2017ko duatloi eta triatloi egutegia. VII. Altsasuko Duatloia martxoaren 18an jokatuko da. Goizeko 10:30ean Nafar Kirol Jolasetako probak jokatuko dira, haur eta gazteendako, eta arratsaldean proba nagusia, 15:45ean emakumezkoak eta 16:00etan gizonezkoak. Arbizuko Duatloia, aldiz, martxoaren 25ean jokatuko da. Altsasuko Duatloian izena ematea zabalik dago www.navarratriatlon.com web gunean