Edertasunaren inguruko hausnarketa

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2017ko ots. 17a, 08:04

kolaboratzaileak

Ez dakit edertasunaren nozio batekin jaiotzen garen edo sentsibilitate guztiei hitz egingo dien edertasun eredu bat zehaztu daitekeen. Eta hala ere, argi dago txiki-txikitatik edertzat jo behar ditugun hainbat errealitate aurkezten dizkigutela.

Ederra dena garbia da, txukuna, geometrikoa, perfekzioz batea… Baina norentzat perfektua? Grekotarrei zor diegu gaur egun mantentzen dugun edertasunaren definizioa. Euren artea simetrikoa eta biribila da, ukaezina. Haurtzarotik ohitzen gaituzte antzinaroko irudi hauen forma dotore eta zuriak mirestera, eta horrela ahazten dugu denborak euren koloreak erantsi dituela jada, eta kaosaren gotorleku bihurtzen diren begi hutsak ahanzturaren aztarna direla, ez antzinaroko artisten ondarea. Falta zaizkien hankak eta sudurrak, ez dituzte edertasunetik aldentzen, baina malenkonia arraroa pizten dute gure baitan.  

Ohartzen ez bagara ere, aspaldiko aztarnategiek antzeko sentsazioak azalarazten dizkigute. Osorik mantendu diren eraikinak jaikiarazi zituztenen heriotzaz mintzo dira. Eta bai, haien edertasuna antzeman dezakegu, baina zaila zaigu perfekzioaz hitz egitea, denboraren indarrak beldurtzen gaituelako.

Horrexegatik, agian, gure egungo gizartean saltzen zaigun edertasunak ez du malenkolia honekin zerikusirik izan nahi. Egunsentiak eta kolorez bustitako iluntzeak erakusten dizkigute edonon, paisaia orekatuak, itzalik gabeko irudiak. Musika alaia eta baikorra izan behar du, halabeharrez. Bakardadearen lilura, gardentasun falta duten ikuspegi lainotsuen mirespena, debekatuta dirudi.

Euskal Herrian hazten den kultura eta sentimena betidanik somatu dut inguru ospel eta itsaso basatiekin lotuta. Portu aldeko kondairek eta Laboaren kantuek edertasun mingarri eta bizia gordetzen dute. Naturak ez du beti lasaia eta barea izan beharrik.
Leteren eta Sarrionandiaren poemek gure baso eta ibaiak biltzen dituzte, laino berde hezeez bustitako begirada sakonak, eta maiz, beldurrik gabe ukitzen dituzte bakardadea eta heriotza.

Horrelakoetan, gure kulturaren ezaugarria dirudien goibeltasun kutsua beste herrialdeetako lainoekin lotzen da. Iragarkiek inposatzen dizkiguten irudietatik urrun, naturaren eta gizakiaren edertasun kontraesankor, misteriotsu eta ikaragarria unibertsala da.