Segi horrela!

Guaixe 2017ko ots. 20a, 11:08

Elezkano-Zabaletak eta Ezkurdia-Merinok garaipen ikusgarriak lortu dituzte eta 6 puntu dituzte. Binakako finalerdietara sartzeko lehian ongi kokatuta daude

Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldiak berri onak utzi ditu. Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak eta Joseba Ezkurdiak eta David Merinok garaipen sendoak lortu zituzten. Horrela, bi bikoek 6 puntu dituzte eta ligaxkako sailkapenean bigarrenak eta hirugarrenak kokatu dira, finalerdietarako dagoeneko sailkatuta dauden eta 10 puntu dituzten Irribarriaren eta Rezustaren atzetik. Dena den, sailkapena oraindik estu-estua dago, 6 puntu dituzten 4 bikote baitaude, eta beraz, hurrengo bi jardunaldietan erabakiko da guztia.

Zabaleta bikain
Ostiralean Elezkanok eta Zabaletak garaipen oso garrantzitsua lortu zuten Irunen. Victor eta Albisu 6 tantotan utzi zituzten eta jokoan beheraldia izan ondoren txapelketari atzera ere tamaina hartu diotela erakutsi zuten Aspekoek. Zabaletak bereziki, azken bi asteetan deseroso aritu ondoren, atzeko koadroetan handia dela erakutsi baitzuen Etxarrengoak. Izugarri jokatu zuen Zabaletak eta ongi dagoenean sekulako kolpea duela eta ia menderaezina dela erakutsi zuen. Elezkanok bikain lagundu zion Etxarrengoari, eta, horrela, noraezean aritu ziren Victor eta Albisu 6 tantotan utzi zituzten.

Ezkurdia eta Merino ikusgarri
Eta igandean Joseba Ezkurdia eta David Merino Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Larunberen gainetik pasa ziren. Aspekoek 8 tantotan utzi zituzten Asegarcekoak. Partida hasi eta berehala aldea hartu zuten Ezkurdiak eta Merinok, 1 eta 9 aurreratu baitziren. Ezkurdia eta Merino onenak izan ziren, bai aurreko koadroetan eta baita atzean ere. Merinok erakustaldia eman zuen atzean. Sekulako pilotakadak emateaz gain, espazio guztiak behar bezala estali zituen eta lan handia egin zuen, bikain dominatuz. Eta Ezkurdia nagusi izan zen koadro alaietan: behar izan zenean erasotu egin zuen eta ez zen Oinatzen endredoetan erori. Erritmo oso altua ezarri zuen eta bere bolea ikusgarriekin tantoak pilatzen hasi zen. Aldiz, ez zen Bengoetxearen eta Larunberen eguna izan. Urduritasunak ez zion batere lagundu Larunberi eta Bengoetxea ez zen jokoan behar bezala sartu. Ondorioz, 8 eta 22 irabazi zuten Ezkurdiak eta Merinok, merezimendu osoz.

Ez dago ezer erabakita
Binakako hasierako ligaxkak emozioa pil-pilean izanen du bukaerara arte. Gaur Olaizola II.a-Untoriak eta Urrutikoetxea-Imazek jokatuko duten partidaren emaitzen faltan, Irribarria eta Rezusta dira lider argiak, jokatutako 12 partidetatik 10 irabazi baitituzte. Dagoeneko finalerdietarako sailkatuta daude. Aldiz, beste hiru bikoteak zein izanen diren ez dago oraindik jakiterik. 6 puntu dituzten 4 bikote daude: Elezkano II.a-Zabaleta, Ezkurdia-Merino II.a, Bengoetxea VI.a-Larunbe eta Artola-Albisu. Olaizola II.ak eta Untoriak 5 puntu dituzte eta Urrutikoetxea-Beroizek eta Altuna III.a-Barriolak launa puntu. Hortaz, ligaxka despeditzeko azken bi jardunaldi hauetan erabakiko da guztia.

Larunbatean jokatuko dute Ezkurdiak eta Merino II.ak. Irabaztetik datoz, guztiz motibatuta, eta irabazteko gogo berberekin dauden Olaizola eta Untoria izanen dituzte aurkari. Aldiz, Elezkanok eta Zabaletak astelehenean jokatuko dute, inauterietan murgilduta egongo den Tolosan. Urruti eta Imaz izanen dituzte aurkari. Guztiek asko dute jokoan eta, zalantzarik gabe, bihotza dantzan jartzeko moduko partidak izanen dira. Ea pilotari sakandarrek puntuatzea lortzen duten.

Gaur
Gaur Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldia despeditzen da. Tolosan, Olaizola II.ak eta Untoriak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari.

Binakakoa. 13. jardunaldia:
Olaizola II.a-Untoria / Ezkurdia-Merino II.a (larunbatean, 17:45ean, Labriten)
Irribarria-Rezusta / Victor-Albisu (igandean, 17:00etan, Eibarren)
Urrutikoetxea-Imaz / Elezkano II.a-Zabaleta (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Altuna III.a-Barriola (asteartean, 16:30ean, Tolosan)