Etxarri laugarren postura igo da eta Lagun Artea bosgarrena da

Guaixe 2017ko ots. 20a, 12:06
Etxarri (argazkian) laugarrena da eta Lagun Artea bosgarrena, biak 31 punturekin.

Preferente maila. 20. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – San Andres 0 / Bidezarra 1 – Lagun Artea 0

Igandean Etxarri Aranatzek 1 eta 0 irabazi zion San Andres taldeari eta garaipen horrek sailkapeneko 6. postutik 4. postura igotzea ahalbideratu dio talde sakandarrari. Hasieran baloi luzeak izan ziren nagusi eta ez zen dominatzaile argirik egon. Arbitroak bigarren txartela erakutsi zion Xabierri eta jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren etxarriarrak, baina taldeak ez zuen behera egin eta atsedenaldia baino lehen Unaik gola sartzea lortu zuen. Bigarren zatian tarteka sufritu zuen Etxarrik, baina defendatzen jakin zuen eta gol aukerak ere sortzeko gai izan zen. Etxarrik garaipenari eustea lortu zuen eta urrezko hiru puntu horiekin sailkapeneko goi postuetan sartzea lortu du.

Bidezarra liderraren kontra, berriz, 1 eta 0 galdu zuen Lagun Arteak. Partida lehiatua eta konplikatua izan zen. Laguneko atezainak liderraren gol aukera oso argia gelditzea lortu zuen eta hortik aurrera parez-pare aritu ziren bi taldeak. Baina 34. Minutuan Jon Mikelek gola sartzea lortu zuen eta liderrak aurreratzea lortu zuen. Lagun Arteak ez zuen partida galdutzat eman baina Noaingo taldeak ongi defendatzen jakin zuen eta, azkenean, hiru puntuak etxean geratu ziren eta punturik gabe itzuli ziren lakuntzarrak.

Asteburuan derbia Lakuntzan
Horrela, Bidezarrek eusten dio lidergoari (46 puntu). Etxarri Aranatzek sailkapenean gora egind u eta laugarrena da (31 puntu), sailkapenean hirugarren postutik bosgarren puntura jaitsi den Lagun Artearekin puntutara berdinduta. Asteburuan, hain zuzen, Lagun Artearen eta Etxarriren arteko derbia jokatuko da Lakuntzan, sailkapena jokoan dagoen derbia, hain zuzen.