117 sakandarrek eta “milaka herritarrek” jasandako torturak salatu dituzte

Guaixe 2017ko ots. 23a, 19:34

Ordu erdiko kontzentrazioa egin zuten larunbat eguerdian

Sortu alderdiak deituta makina bat jendek torturaren kontrako eta desmilitarizazioaren aldeko kontzentrazioa egin zuen Altsasuko tren geltokian, Guardia Civilaren kuartela ondoan zutela. Halako eraikinak Espainiaren “enbaxada nagusienetarikoak. Eta bere armadak hainbat basakeria egin ditu bertan”. Sortuko kideek gaztigatu zutenez, “gezurra baita azkeneko 50 urteotan arrazoi politikoengatik atxilotutakoen kontrako torturaren erabilpena oso noizbehinkakoa izan dela; edo funtzionario ustelen praktika hutsa izan dela”. Gaineratuz, “tortura Estatuaren gerra estrategiaren oinarrizko tresna izan da. Era sistematikoan eta inpunitate osoz erabilia izan dena”.

Eusko Jaurlaritzaren torturaren inguruko ikerketak 5.600 tortura salaketa erregistratu dituela gogorarazi zuten. “Kasu frogatu gehiago daude 2000ko hamarkadan 70eko hamarkadan baino”. Eta torturagatik salatutakoak Guardia Civila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza izan zirela eta “oraindik” inolako zigorrik jaso ez dutela adierazi zuten. Kontzentrazioarekin euren memoria, “errelatoaren zati hau kaleratu” nahi  izan zuten, “ahanzturak ez baitu etorkizuna eraikitzen”.

117
Sakanako tortura kasuak azken 50 urteetan. Arakilen 2, Irurtzunen 2, Uharte Arakilen 2, Lakuntza 9, Arbizun 9, Etxarri Aranatzen 35, Bakaikun 5, Urdiain 2, Altsasun 21 eta Olatzagutia 30.