Enpresen langile trebatu beharra nola ase aztertzen

Guaixe 2017ko ots. 24a, 08:49
Enpresa, erakunde eta hezkuntza arloko ordezkariak elkartu zituen bilerak. Argazkia: SGA.

Plan estrategikoari segituz, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) ibarreko industria sarearen inguruko ikerketa egin zuen joan den urtean. Azterketak agerian utzi zuen enpresek hainbat arlotan trebatutako langileak eskatzen dituztela eta lanpostu horiek sakandarrek betetzeko zailtasuna dagoela.

SGAko industria teknikari Odei Arregi Azpitartek esan digunez, arlo horietako bat mekanizatuarena da. Mekanizazio ikasketak dituzten langileak trebatzeko aukerak aztertzeko bilera deitu zuten ilbeltzaren 27rako. Hainbat enpresen ordezkariekin batera, Sakana Lanbide Heziketa institutuko, ibarreko eskola eta ikastetxeetako ordezkariak eta Hezkuntza Departamentuko kideak elkartu ziren. Bilera horretan hezkuntza eskaintza enpresen beharretara egokitzeko beharra aztertu zuten.

Arregik azaldu digunez, Lanbide Heziketa Dualaren (LHD) aukera mahai gaineratu zen. LHDk pertsonak gaitzen ditu, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak enpresan eta ikastetxean konbinatuz.
Hari esker, enpresen eta Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko harremana estuagoa da, ahaleginak batu dira eta ikasleak lan munduan hobeki sartzeko lagungarria baita. Arregik esan digunez, bilera hura aurreneko pausoa izan zen. Sakanak LH institutuaren, Nafarroako Gobernuaren eta enpresen arteko adostasuna eta konpromisoa bilatzeko lanean segitzen dute.

Parlamentuan
Manu Aierdi ekonomia lehendakari-ordeak Nafarroako Parlamentuan PPren galderari erantzunez hilaren 14an esan zuenez, badu Sakanako enpresen prestakuntza beharren berri, “hainbat ikerketa egin baitira”. Beharrak, besteak beste, administrazioa eta kudeaketa, merkataritza eta marketinga, hezkuntza, fundizioa, soldadura edo informatika arloetan zeudela azaldu zuen. Enpresek euren langileak trebatzeko beharrak ere bazeudela gaineratu zuen. Horregatik, enpresa txiki eta ertainendako aurtengo diru-laguntza deialdira aurkezteko gonbidapena egin zien enpresei. Gaineratu zuenez, ibarreko enpresen beharrei erantzuteko 2015-2017 alderako Sakanan zenbait prestakuntza-akzio programatu direla.

Bi ikastaro  
Lehentasunez langabetuak hartuko dituzten bi ikastaro hastear dira. Nazioarteko merkataritzan teknikaria: finantziazioa, ordainketa moduak, ingelesa. Ikastaro hori Nueva Gestión fundazioak emanen du Arbizun. 390 orduko ikastaroa astelehenean hasi eta garagarrilaren 21era arte luzatuko da. Klaseak astegunetan 8:45etik 14:00etara izanen dira. Beste ikastaroa industria-elektrikari instalatzaile ikastaroa da, Sakana Lanbide Heziketan Nafar Lansarek emanen duena. Horren ere 390 orduko iraupena du. Martxoaren 6an hasi eta garagarrilaren 27ra arte luzatuko da. Klasean 15:00etatik 20:15era izanen dira.