Goizero bezala, prentsari begirada bat bota diot. Alabaina, hemendik aurrera alferrikako aldizkariak nahiago izanen ditudala uste dut, nire buruaren ondorengo lasaitasunerako hobe izango baita ezjakintasunaren lasaitasunean bizitzea.
Ondorio (faltsu) honetara Giza Eskubideen inguruko Amnistia Internazionalaren 2016/2017. urteko txostena irakurri ondoren ailegatzen naiz, “gu haien kontrako urtea” bezala laburbiltzen dutelarik. Txostena deskargatu eta zuzenean 182. orrialdera joan naiz, Estatu espainolaren suspentso guztiekin nire burua gozarazteko. Inork zalantzarik bazuen, aurreko urteetan jada gorriz markatuta zetozen alderdietan huts egin du berriz ere.
Paragrafoak honela dio:“Persistió el uso del delito de “enaltecimiento del terrorismo” para procesar a personas que ejercían de manera pacífica su derecho a la libertad de expresión.” Egia esan, “justiziarekin” topo egin behar izan duten artistak datozkit burura. Eta, kasualitatez, tortura salaketen ikerketa eza leporatzen zaion “justizia” beraz ari gara.
Bizkor, “Inpunitatea” titulutzat duen puntura pasa naiz. Nóos Kasuko liderrak kartzela ekiditeko aukera izanen duela irakurri ondoren, ez dut ezer gehiago jakin nahi. Gaurko, bederen, nahikoa irakurri dudala uste dut.
Konturatzerako, nire begiek “Emakumeen kontrako bortizkeria” izenburutzat duen paragrafora salto egin dute. Gordina benetan irakurtzen dudana. Eta bai, Patricia Karinaren olerki batek dioen moduan, ni ere feminista naiz emakume hitzaren arerio den lurralde batean.
Ez dakit txostena irakurtzen jarraituko dudan baina, hobe esanda, “haiek gure kontra”- ko urtea izan delakoan nago.