Gaur egun, edozein kolektibok bere barne antolakuntza eta kudeaketan ordezkaritzari ematen dion garrantzia nabaria da. Kolektiboak bere garapenean topatzen dituen arazoak, lortu behar dituen baliabideak, aldarrikatu behar dituen eskubideak… partaide arduratsuez osatutako ordezkaritza eskatzen dute eta ordezkaritzak agertzen duen gaitasunaren arabera lortuko dira edo ez kolektiboaren helburuak.
Jubilatuok ere kolektibo bat gara eta kolektibo handia. Gizartearen %ko zati zabala osatzen dugu eta, zoritxarrez, ezin esan guri gauzak ongi doakizkigula. Egia da urteetan lanean aritu den langileari, jubilatzen den unean, arazo bat sortzen zaiola: zer egin gelditzen zaion denbora libre horretan? Gaur hain ezagunak diren JUBILATUEN ELKARTEAK gai izan dira eta dira arazo honi konponbide erakargarri bat emateko. Elkarte hauek lan oso ona egin dute eta egiten jarraitzen dute, beharrezkoak dira aisialdian jolasteko, harremanak sortzeko, bidaiatzeko… Baina aski al da?
Ez. Jubilatuen arazo bakarra ez da aisialdia, eta larriena ere ez. Gaur egun asko dira jubilatuoi kezkatzen gaituzten arazoak: pentsioak, dependentzia, osasun zerbitzuak, zahar etxeak, zahartzaro duin baten bermea, gure eskubideak…Arazo asko, larriak eta oinarrizkoak. Jubilatuen problema hauek aldarrikatzeko badugu “Consejo del Mayor” deritzaion ordezkaritza bat, baina erakunde burokratiko bat besterik ez da, ez gaitu behar bezala ordezkatzen, ez du ezer egiten.
Horregatik, ongi ordezkatuak egoteko ordezkaritza berri baten aldarrikapena egiten dugu. Jubilatuen arazoetaz jabetu eta borrokatzeko gai diren pertsonak osatutako ordezkaritza nahi dugu,aurrean dauzkagun erronkei erantzuteko gai diren ordezkariak behar ditugu, gure artean eztabaida, kontzientzia, konpromisoa piztu dezaketen ordezkariak. Asmoak badira, eman dira lehenengo pausoak, guztion parte-hartzea lantzen ari gara; jarri gaitezen lanean.