Elkarrekin oinez. Hori da aurtengo Xabierraldien leloa. Eta hala egin zuten bidea joan den asteburuan 7.150 pertsonak. Bidean hotza eta euria izan zituzten, baina, Xabierko gazteluko helmugara onik iritsi ziren, hainbat boluntarioren eta agintariren laguntzarekin. Iruñeko eta Tuterako artzapezpiku Francisco Perez Gonzalezek esan zuenez, “elkarrekin ibiliz mundu hobea egin dezakegu”. Munduan barna dauden 1.030 misiolari nafarrak ere gogoan izan zituen.
Igandeko erromesaldian sakandarrak izan ziren, baita herenegun Mendialdeko elizetatik Xabierrera egindako erromesaldian ere. Xabierko Frantziskoren gazteluak erromesak, atzera ere, bihar hartuko ditu. Erromesen bat gaur abiatuko bada ere, gehien-gehienak Iruñetik abiatuko dira bihar goizean. 15:00etan Zangozatik abiatuko den gurutze-bidean parte hartuko dute. Xabierren elkartuko den kristau komunitateak 17:00etan meza izanen du.