Duela 200 urte sortu zen konpasio edo erruki-mojen kongregazioa. Efemeridea ospatzeko, Altsasuko mojen ikastetxean izan ziren sakandarrak elkartzeko ideia sortu da. Ikasle ohiak Altsasun apirilaren 8an elkartu nahi dituzte eta dei egin diete Sakanako ikasle ohi guztiei ospakizunetan parte hartzeko. Aurreratu digutenez, garai bateko argazkien erakusketa jarriko dute Gure Etxea eraikinean. Egitarauan meza eta bazkaria izanen direla ere aurreratu digute.
Konpasio-mojek nobizio-etxea Ziordian zuten eta Altsasun aurreko mendeko 50eko hamarkadan ikastetxea jarri zuten. Lehenik Labadero eraikinean eta 1961ean Intxostiako zabalgunean (egungo jubilatu elkartea eta musika eskola hartzen duen eraikinean). 500 ikasle izatera iritsi ziren, eta herrietako batzuk barneko ikasle ziren; 1999an ikastetxea itxi zen eta ikasle-irakasle batzuk Sagrado Corazon ikastetxera pasa ziren.
Parte hartzeko
Argazki zaharren bat eman nahi duenak edo bestelako ekarpenak egin nahi dituztenak goilan@telefonica.net edo iturritxo90@gmail.com e-posten bidez edo 679 103 032 telefonora hots eginez jarri daitezke antolatzaileekin harremanetan. Bazkarira joan nahi dutenek Mari Carmen Goikoetxeak eta Juli Alvarezek Laboral Kutxan zabaldutako kontu korrontean 30 euro sartu beharko dituzte, izen-abizenak adieraziz.