Azken urteotan, krisialdia dela eta, langabeziak gora egin eta soldatak murriztu dira. Eguneroko erosketak egitea garestiagoa da: elikagaiak, arropa, energia elektrikoindarra, etxebizitza alokairua…
Diru sarreren murrizketa edo diru sarrera gutxi izatea konstante bat da txirotasun arriskuan dauden familietan, eta gora egin du nabarmen egoera honetan aurkitzen diren pertsonen kopuruak. Populazio sektore denetan du eragina honek: gazteak, dependentzia arazoak dituzten pertsonak, familia handiak edo txikiak, adin txikiko umeak… Generoa kontutan hartuko bagenu, emakumeak ditugu nabarmen kaltetuenak.
Izan ere, 2015ean Estatu espainiarraren Gizarte Zerbitzuen arloan egindako txostenak dio 36 eta 50 urte bitarteko emakumea dela, nabarmen, gizarte zerbitzuetako erabiltzailea; gehienek seme alabak dituzte bere kargu, langabezian daude edo pentsiodunak dira eta hilabetean 300 eta 500 euro bitarteko errenta dute.
Pobreziaren testuingurua kontuan izanda eta zailtasunak ugaritzen direla argi ikusita, Nafarroako Gobernuak hainbat neurri ezberdinak hartu ditu. Idatzi honetan argi indarra eta beste energiaren prezioaz ari garenez, argi mozketak ekiditeko neurriak aipatuko ditugu.
2015. urtean Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikarako sailak eta CHC, IBERDROLA eta Gas FENOSA energia sustatzaile enpresek hitzarmena sinatu zuten inor argi indarrik gabe gera ez dadin. Esan bezala, hitzarmenaren xedea inor argi indar gabe gera ez dadila da, oinarrizko baliabidea den heinean bere horniketa bermatuz. Bi aukera zehazten dira, Gizarte Zerbitzuetatik bideratzen direnak:
1. Zorra ordaintzeko larrialdi laguntza eskaera egitea.
2. Zorra ordaintzeko epea luza dadin eskatzea.
Bi kasuetan, eremuko oinarrizko gizarte zerbitzuetan hitzordua eskatu behar da, egoera baloratu eta bi neurrietatik zein den egokiena edo eraginkorrena erabakiko da.