1.Sakanako Korrika arduraduna zara. Nola sartu zinen saltsa honetan?
Aurten EGA ateratzea da dudan asmoetako bat. Horretarako AEK-n klaseak hartzen hasi nintzen eta Idoia irakasleak aipatu zigun Sakanan Korrikarako arduradun baten bila zebiltzala. Lanik gabe nengoen eta aukera polita iruditu zitzaidan, beldurra ematen bazidan ere.
2. Korrikaren atzean sekulako antolakuntza lana egongo da. Zein da, zehazki, zure lana?
Azaroaren amaieran hasi nintzen lanean baina ordurako dagoeneko AEKko irakasleek bazituzten lan batzuk martxan, beste batzuk aurreratuta… Euskal Herri mailan aurreko Korrika amaitu bezain pronto hasten dira hurrengoa prestatzen. Antolaketa izugarria dago. Sakana mailan herrietan sortzen diren batzordeekin elkarlanean ari gara.
3. Herriz herri sortzen diren Korrika batzordeak koordinatzeaz gain, Sakanako kilometroak saltzea ere zure lana da?
Bai. Aurten Sakanatik bitan pasako da Korrika. Irurtzundik sartu eta atera egingo du apirilaren 4ko goizaldeko hirurak inguruan, eta, bestetik, apirilaren 8an, Korrika Iruñean bukatzen den bezperan, Arabatik Ziordian sartu Sakana zeharkatu, eta Erroztik aterako da Korrika. Nik kudeatuko ditudan kilometroak bigarren buelta horietakoak dira. Irurtzungo lehen aldikoak Larraungo arduradunak kudeatuko ditu. Irurtzungo kilometro erosleekin hitz egin dugu eta proposatu diegu ea noiz interesatzen zaien kilometroa erostea, Irurtzundik pasatuko den gau horretan edo apirilaren 8an. Izan ere, apirilaren 8an Korrika ez da Irurtzundik pasako; Etxarrendik Urritzolara sartuko da eta bertatik Errotzera. Korrika Urritzolatik pasatzen den lehenengo aldia izan daiteke aurtengoa.
4. Korrikaren 20. edizioa da aurtengoa. “Batzuk” da leloa, bi lerrotan idatzita. Batzuk dena jarraian edo Bat Zuk irakurtzen da?
Iritsi zaizkigu kartel batzuk bakarrik “Bat” izena agertzen dena eta beste batzuk “Zuk”. Hitz jokoa da. Euskara sustatu eta AEK bulkatzeko ohiko helburuez gain, aurtengo Korrikaren helburua izan nahi du beti mundu honetan mugitzen den jendeaz aparte, “zuk” hori bilatzea. Hau da, orain arte euskara ikasten hastera animatu ez diren pertsona horiengana jo nahi du Korrikak, “zuk” hori bilatzea, eta aurten ea animatzen diren, ea zerbaitek sakonean eragiten dien bilatzea, “aurten euskara ikastera animatuko naiz” hori bilatzea.
5. Zuretzat zer da Korrika? Nola bizi izan duzu?
Festa oso polita da, Euskal Herri osoa bildu eta mugimenduan jartzen duena. Daukan indarra, sentimenduak mugitzeko ahalmena... Euskal Herri guztiko festa ikaragarria da. Pasada iruditzen zait. Antolakuntza ere ikaragarria da.
6. Hasi zarete kilometroak saltzen?
Bai, ongi doa. Hilabete bat falta da Korrika Sakanatik pasatzeko. Kilometro batzuetako erosleek ez dute erantzun baina ez dago agoniarik, badakigulako ia %100an baietz esango dutela. Inplikazioa oso handia da Sakanan, sakandarrek erantzuten dute.
7. Korrika Kulturalaren barruan ekitaldi mordoxka egoten dira.
Bai. Kontua da aurten Korrika larunbatean gaueko 10:00ak aldera sartuko denez Ziorditik, ordu onean, Sakanako ia ekitaldi guztiak egun horretan kontzentratuta egongo dira: herriz-herriko Korrika txikiak, afariak, festatxoak... Apirilak 8an izanen dira ekitaldi guztiak. Polita da herri bakoitzean Korrika txikiak antolatzea, afariak edo kantaldiak.
8. Korrikako materiala non dago salgai?
Sakanako AEK-ko Itxesi euskaltegian, Altsasun, salgai dago abendutik. Bestalde, antolatzen ditugun ekintzetara eramango dugu eta Sakanako herri guztietan egongo da materiala. Esaterako, larunbatean Arturo Kanpion abesbatza etorriko da Irañetara, eta mugimendua egongo dela aprobetxatuko dugu Korrikako materiala salgai jartzeko. Asteburu guztietan nonbaiten egoten saiatuko gara.
9. Norbaitek Korrikaren inguruan lagundu nahi badu, zer egin beharko luke?
AEKra deitu dezala (948 468 258), bere kontaktua utz dezala eta deia bueltatuko diogu. Bere herrian zer edo zer antolatu nahi badu, antolaketan lagundu… deitu dezala.
10. Nola bizitzen da Korrika euskaltegian?
Oraindik ez da eromen handirik nabaritzen. Beste urte batzuetan arduradun izan direnak esaten didate: “ai gaixoa...” Bueno, ez da horrenbesterako izango. Ibilbidea markatuko dugu, Korrika pasako da eta ziur nago guztia ongi aterako dela. Baina lan handia izango da. Egia esan, oso pozik nago. Giro ona dago, jende jatorrarekin nago. Hori bai, kexatzearren, telefonoarengatik kexatuko naiz. Ordu asko ematen ditut telefonoan, Whattsapean... baina, gustura.
11. Eskaera berezirik?
Iruñeko azken egunerako festa handirako jendea behar dugu, arratsaldez lan egiteko. Sakanatik 38 lagun eskatu dituzte, sukaldean egoteko, barra egiteko, arropa dendan saltzen egoteko… Euskaltegiko jendearekin ez gara iristen eta, beraz, laguntzeko prest dagoenak deitu dezala.
Bestalde, hemendik aurrera antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko deia egiten diet sakandarrei eta Korrika pasatzen denean harrera beroa egin eta korrika egin dezatela. Dena den, Sakanako jendeak oso ongi erantzuten du, kilometroak erostean, arropa salmentan, antolatzen diren ekitaldietan parte hartzen, Korrika Laguntzaile egiteko jendea agertzen zaigu euskaltegian... ez dugu inolako kexarik.