guaixe.eus

Herri galdeketek 2.917 sakandarren babesa dute

  Gizartea  Altsasu  Arbizu  Irurtzun  Lakuntza  Olazti  Urdiain  Ziordia

Gure Esku Dagoko Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko taldeko kideak sinadurak biltzen eman dituzte azken bi hilabeteak. Garagarrilaren 18an erabakitze eskubidea praktikan jarri ahi dute lurraldetasunari buruzko galdeketarekin. Hori lortzeko beharrezkoa zuten herri bakoitzean erroldaren %10aren babesa lortzea. Lortu dute eta zazpietan erabakitzera doaz. Eta Gure Esku Dagoko kideak prest daudela gaztigatu zuten.

Emaitzak    
Herria Sinadurak Erroldaren %
Irurtzun 370 %20
Lakuntza 541 %52
Arbizu 334 %37
Urdiain 267 %51
Altsasu 935 %18
Olatzagutia 330 %25
Ziordia 140 %43
Guztira 2917  


Balorazioak
Zazpi herrietako taldeetako ordezkariek jendaurreko ekitaldia egin zuten Lakuntzan atzo eta hantxe aurkeztu zituzten emaitzak (Altsasun eta Olatzagutian ere aurretik egin zuten). Herri bakoitzeko bozeramaile banak sinadura bilketaren inguruko balorazio azkarra egin zuen. Irurtzungo Gure Esku Dagokoek ekimenaren martxa “oso ondo” joan dela. Lakuntzarrak “oso pozik” zeuden, “herri erdiak” Gure Esku Dago zer den badakielako. Argitu zutenez, “gazteei asko kostatu zaie. Gazte jendeak ez du baloratzen erabakiaren eragina edo kosta egiten zaie. Galdeketa bitartean lana badugu”. Arbizun abenduaren 30eko kriseilu gauarekin hasi “festa giroan” txatarretan despeditu zuten sinadura bilketa. Etxez-etxe joateko ahalegina egin dute, “jendearekin harreman zuzena izateko eta aurrez aurre zer den azaltzeko. “Pozik gaude emaitzarekin eta Sakanako emaitzarekin, oso ona da”.

Urdindarrek gogorarazi zuten herritarren talde argazkia atera zuten eta harekin etxez etxe banatzeko informazioa egin zuten. Adierazi zutenez, “aberasgarria herritar guztiengana ez iritsi arren,  sinatu zutenekin eta ez zutenekin, denekin hitz egin da eta gauza polita da denen artean hitz egitea”. Altsasuko Gure Esku Dagok 800 sinadura biltzea zuen helburu, baina gehiago lortu dituzte. “Jende desberdinarengana iritsi garelako gustura gaude. Beste hainbat jenderengana iristeko lan handia dugula ikusten dugu, are gehiago gure herria zein anitza den jakinda”. Galdeketa bitartean ahalik eta jende gehienarengana hurbildu nahi dute. Olatzagutiako ordezkariek “sentsazio gazi-gozoa” adierazi zuen; gazia “espero ez genituen hainbat ezezkorengatik, gozoa sentsibilitate desberdineko jendearengana iristea lortu dugulako, prozesurako aberasgarria izan da”. Egindako lana, “orokorrean ona” izan dela uste dute. Ziordiarrendako, azkenik, “esperientzia positiboa” izan da; “gehiengoak baiezkoa, sorpresa positiboa, espero ez genituen sinadurak jaso ditugu”. Hala ere, aitortu zuten “sektore batzuetara iristea zaila” dela.

Oiarbide
Gure Esku Dagoko bozeramaile Angel Oiarbidek dinamikaren historiaren errepaso azkarra egin zuen, adieraziz, “konplizitatearekin” hasi zela guztia Idiazabalen 2008ko San Blasetan. Atzetik herriz herriko ekimenak, giza katea, oihalak jostea, erabiltzeko hautestontziak sortzea , joan den urteko 34 herrietako galdeketak eta beste izan zituen gogoan. Oiarbidek esan zuenez, “norabide honetan pausuak eman ahala, gaur irudikatzen duguna bihar errealitate bihurtuko dugu, eta hutsune horiek, egon, badaudela, garai batean handiagoak zirenak, txikitzen doaz".

Eskoziako eredua aipatu eta “Europan posible da erreferendum bat” adierazi zuen. Brexit-aren ondoren Eskozian beste erreferendum bat egon litekeela azaldu zuen. Eskoziako ikasgaia honakoa da Oiarbiderendako: “herritarrak hitza hartzea eta erabakitzea normala da. Horrek ez du ez hausturarik, ez konfliktorik ez ezer sortzen. Horixe da normala gizarte demokratikoetan”.

Euskal Herrira etorriz Iparraldearen erakundetzea eta udalerri eta instituzio gehienetan indar abertzaleak agintean egotea “historikoak” direla nabarmendu zuen. “Errealitate bat da, sinesgarritasuna dugu. Bi urte eta erdi ditugu hauteskunde gabe. Egoera aprobetxatu behar dugu?”  Gure Esku Dago “elkarlan eta arnasgunea hauspotzeko” sortu zela nabarmendu zuen. Aipatutako denbora tarte horretan Gure Esku Dagok “komuneko oinarri bat” osatu nahi du, “balore demokratikoekin sostengatuta, kultura demokratiko batekin”. Aldi berean, ahalduntzea sustatuko du, “herritarrek jakin dezaten zenbateko indarra dugun eragiteko”. Herritarren artean lotura, saretzea beste helburua izanen da eta hirugarrena, “anbizioa. Eraiki ahal izateko”.

Bozeramaileak gogorarazi zuenez, garagartzaroa bitartean 110 herrik baino gehiagok parte hartuko duzue galdeketetan, 600.000 lagun baino gehiago bizi zareten herrietan”. Oiarbidek azaldu zuenez, Euskal Herrian “eztabaida sortzea eta eztabaida herritarrek sostengatzea” da helburua. Hego Euskal Herriko hiriburuetako lau alkateak posizionatu zirela gogoratu ondoren aitortu zuen galdeketak hirietara iristea “zaila” ikusten dela, “baina denborarekin lortuko da”.

Bestetik, Oiarbidek euskal herritarrek erabakitze eskubideari buruzko adostasuna lortzeko “herri mailako ituna egitea” proposatu zen. “Akordio adostasuna bildu eta herritarren ituna eta enplazamendua Euskal Herriko eragile guztietara iristea”. Azkenik, elkarlanean gauzak egin daitezkeela erakutsi nahi dute. “Eragile pila batekin ari gara elkarlan horiek sustatzen, esparru desberdinetan”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak