Aurreko larunbatean, aurkeztu zen, Dantzalekuko paraje zoragarrian eta eguraldiak lagunduta, 2017ko Sakanako Triatloi Taldea. Aurten 35 kide izango ditu taldeak. Horietatik 22 elite mailakoak dira, helduak. Eta gainontzeko 13 eskola mailakoak, Nafar Kirol Jolasetan ariko direnak.
Sergio Garcia de Eulate da Sakana Triatloi Taldeko presidentea. Alboan ditu Juan Luis Maiza, Aitor Mozo, Unai Razkin eta beste. Juan Luis Maizak azaldu digunez, pozik daude taldearen martxarekin. “Pozik gaude, urtetik urtera martxan jarraitzen dugulako. Jende berria sartzen ari da eta urtero zer edo zer handitzen doa taldea. Haur txikiak hasten ari dira. Udan triatloi campusa egiten dugu eta animatzen dira. Kontentu gaude”. Altsasuko larunbateko proba antolatzen buru belarri daude, egun, Sakana Triatloi taldekoak.
Egutegiari dagokionez, aurten ez da Euskal Herriko Mailako Zirkuiturik egongo, bi federazioak, Euskadikoa eta Nafarroakoa, ez direlako ados jarri. Hortaz, bereziki Nafarroako zirkuituan ibiliko dira Sakana Triatloi Taldeko kideak, eta baita Euskadikoan. Horretaz gain, Espainiako Duatloi Txapelketan –apirilean jokatuko da, Castellonen– eta Europako Duatloi Txapelketan –apirileko azken asteburuan, Sorian– parte hartu nahi duela gaineratu ditu Maizak. “Inportanteena joateko ilusioa izatea da” adierazi du etxarriarrak. Horretaz gain, Sakana Triatloi Taldea bezala lehiatzeko asmoa dute pare bat probatan.
Triatloi eskola sortu nahi lukete
Sakana Triatloi Taldeak triatloi eskola sortu nahiko luke hurrengo ikasturtean, ikasturte guztian iraungo lukeena. “Sergio, bereziki, kontu honekin tematuta dago, hurrengo artean triatloi eskola ateratzeko asmo horrekin. Urte osoko eskola izatea nahiko genuke, futbola eta halakoak bezala. Eta hori posible ez bada, aktibitate moduan zerbait antolatzea, tarteka gelditzea triatloia lantzeko. Izan ere, gure taldeko gaztetxoenak urtean barna batzuk atletismo eskolara joaten dira, gero ziklismo eskolara eta beste batzuek beren kabuz igeri egiten dute… Horregatik eskola antolatu nahiko genuke. Hor ari gara, saiatzen, ea zerbait ateratzen den, gutxienez txikienek erreferentzia bat izan dezaten” azaldu digu Juan Luis Maizak.
Sakana Triatloi Taldea 2017
Eliteak (22): Isidro Asurabarrena, Urko Berdud, Javier Borrega, Jose Manuel Borrega, Sergio Garcia de Eulate, Mikel Lakuntza, Juan Luis Maiza, Juan Carlos Gomez, Francisco Javier Gomez, Esteban Berdud, Gorka Garcia de Eulate, Jorge Iradi, Iñaki Alvaro, Borja Gonzalez, Eneko Iturbe, Ivan Sobredo, Aitor Mozo, Juan Martinez del Olmo, Jokin Lazkoz, Iñaki Gallego, Peio Bergara eta Cecilia Lobato.
Nafar Kirol Jolasak (13): Aurrebenjaminak: Eneko eta Asier Razkin eta Oihan Andueza. Benjaminak: Ekain Imaz, Alain Razkin, Aitor Aldunate eta Ane Iturrioz. Kimuak: Hegoi Lakuntza. Haurrak: Xabier Borrega eta Nahia Imaz. Kadeteak: Leire Maiza, Unai Villalobos eta Fermin Azkargorta.