guaixe.eus

Erromesaldiak, elkarrekin oinez

  Iritzia  Sakana

kolaboratzaileak

Eguzki printzak epeltzen hastearekin batera, edozein aitzakia da ona kalera atera eta haizatzeko. Askok  Xabierko Gaztelua hartzen dute jomugan.

Beti atentzioa eman dit Kristau nafarrek parte hartzen duten erromesaldi handiak, Xabierraldiak, sekula egin ez badut ere. Haur nintzela gogoan dut ibilalditik bueltan zetozenak nola aritzen ziren kexaka zapatilen urradurek eragindako baben oinazearekin. Frantzisko Xabierren izerdi odoltsuaren pareko penitentziak bailitzan. Gainera, ez dut ahaztua, fedea sexuen artean banandua zegoela. Aurtengo leloa Elkarrekin oinez bada ere, garai batean gizon eta emakumeek ez zuten erromesaldia egun berean egiten.

Gaur egun mistoa edo nahastua egiten dela esaten bada ere, oraindik orain askorentzat martxoko lehen igandeko Xabierraldia gizonena da, aldiz, bigarren larunbatekoa emakumeena.

Dena den, multzoka egindako erromesaldi jendetsuei baino xarma gehiago bilatzen diet bakanka dabiltzanei. Bidaide bakarra fedea edo dena delakoa duten horietako asko Done Jakue bidean aurki genitzake, gaztelu horretatik gertu-gertu.  

Eta horren harira, “nahigabe” eta “ustekabean” aurkitu dudan istorio bitxi bat kontatuko dut; Xabierko gaztelu honen gerizpean sortutako Jimena Garces (Scemena Garseanes) emakume nafarrari buruzkoa. Esaten da bera izan zela Santiagora iritsi zen lehen erromesa (X. mendean). Baina, bere “balentria” eta aitortza ez da toki askotan azaltzen. Bidearen historian ohorezko tokia eta errekonozimendua Godescalco-k jaso zuen, Le Puy-ko apezpikuak.

Horrekin batera, agian, monarkiarekin zerikusi gutxi izan zuten (eta duten) makina bat emakumeren arrastoa eta izenak ere galduak izanen dira fededunen bide zidor horietan. Hargatik, ahaztutako emakume guzti-guztien erreferenteak argitara atera behar ditugu, beren ekarpenek jendartearen garapena ere egin dutelako. Tori agur konplize bat: Ultreia et Suseia!!! (erromesen artean animoak emateko erabiltzen duten diosala: harantz goaz, aurrera jarrai dezagun).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak