Berdintasunerako Nafarroako Institutuak eta Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak antolatuta, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasun eraginkorra lortze aldera udalen elkarlana nola sustatu aztertu zen atzo. Toki erakundeetako 80 teknikari eta politikari elkartu ziren jardunaldian. Haren helburua berdintasunaren alde udalen arteko lan eta elkarlan sare bat sortzea da. Euskal Autonomia Erkidegoko esperientziaren berri jaso zuten lehenik. Ondoren, Altsasuko Udaleko berdintasun teknikari Idoia Goikoetxeak arlo horretan azken 25 urteetan egindako lanaren azterketa egin zuen. Berdintasun gehiagoko gizarte bat egiteko, udal politikek botere eraldatzailea dutela nabarmendu zuen Goikoetxeak.
Udal ordezkariek, parte-hartze tailerren bidez, tokiko-politiketara berdintasun printzipioa ezartzeko duten beharra eta proposamenak egin zituzten. Jardunaldiaren erakunde antolatzailek Berdintasunaren Aldeko Toki Erakundeen Sarea sortzeko lanean segituko dutela jakinarazi zuten, komuneko baliabideen erabilera sustatzeko eta ekimenen trukaketaren inguruko prestakuntza eta hausnarketak partekatzeko. Berdintasunaren arloan administrazio publikoek lan estrategia komuna izateko tresna baliagarria izanen da aipatu sarea.