Eskubideek adinik ez dutelako

Guaixe 2017ko mar. 17a, 09:02

Pentsionistak Martxan taldeko kideak parlamentuko eztabaida entzuten atzo. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.

Gaur, 12:00etan, Altsasuko Zumalakarregi plazan.

Nafarroako Pentsionistak Martxan taldeak kontzentrazioa egitera deitu du gaur. “Gure eskubideak adinarekin batera ez dira iraungitzen”, diote. Horregatik, Nafarroako Pentsionistak Martxan-eko  kideek pentsio duinak eta osasun eta zaintza arloko zerbitzu egokiak eskatuko dituzte. Gainera, atzo Nafarroako Parlamentuan gertatutakoaren berri emanen dute.

Izan ere, Nafarroako Pentsionistak Martxanek sinadurak bildu zituen (5.148) legegintzako herri ekimena Nafarroako Parlamentura eramateko. Pentsioetarako osagarri bat ezartzea nahi zuten, Nafarroan gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino igotzeko. Foru Legearen proposamena atzo defendatu zuten parlamentuan, baina ez zuen aurrera egin. UPN, Geroa Bai, PSN, PPN eta I-Ek proposamenaren kontrako botoa eman zuten, eta EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk alde. Gehiengoak zioen Nafarroan gutxieneko pentsioak hilean 1.080 euroraino igotzeko finantza-mekanismorik ez dagoela. Ekimenaren sustatzaileak, jakina, ez daude ados.