Osoro eta Oiartzabal nagusi Altsasun

Guaixe 2017ko mar. 21a, 16:00

Sergio G. de Eulate izan zen lehen sakandarra, helmugan laugarrena (1.05:19)

Sakandarrak VII. Altsasu Duatloian
Gizonezkoak:
1.Pello Osoro (Delteco Eibar): 1:04:39
4.Sergio Garcia de Eulate (Sakana): 1:05:19
5.Mikel Astiz (Saltoki): 1:05:26
15.Felix Benjumea (Saltoki): 1:07:58
18.Mikel Sarasola: 1:08:35
19.Fco. Javier Gomez (Sakana): 1:09:51
20.Juan Luis Maiza (Sakana): 1:09:56
24.Aitor Mozo (Sakana): 1:10:14
25.Javier Borrega (Sakana): 1:10:18
26.Jose Ignacio Mikeo (Hiruki): 1:10:24
29.Mikel Lakuntza (Sakana): 1:10:57
30.Isidro Asurabarrena (Sakana):. 1:11:01
35.Ivan Sobredo (Sakana): 1:13:09
36.Juan Carlos Gomez (Sakana): 1:13:09
40.Iñaki Alvaro (Sakana): 1:14:23
60.Iñaki Gallego (Sakana): 1:19:57
66.Eneko Goñi: 1:21:53
78.Peio Bergara (Sakana): 1:26:24
81.Ander Goñi: 1:28:36

Emakumezkoak:
1.Lourdes Oiartzabal (Antxintxika): 1:16:36

Aurreko urtean elurragatik bertan behera geratu eta gero, aurten bai, aurten VII. Altsasu Duatloia arazorik gabe burutu ahal izan zen eta eguraldia lagun, gainera. Larunbat arratsaldean eguzkia izan zuten bidaide VII. Altsasu Duatloian parte hartu zuten 128 duatletek. Aurretik 140 duatleta zeuden izena emanda, 128k hartu zuten irteera eta, azkenean, 120k lortu zuten proba bukatzea.

Altsasukoa Sprint Distantziako proba zen: 5 km korrika, 22 km bizikletan, Altamira igoera tartean, eta 2,5 km korrika. Proba, Nafarroako Duatloi zirkuituko  hirugarren proba puntuagarria zen eta, aldi berean, Nafarroako Sprint Duatloi Txapelketa zen. Probaren tarte gehienean haizea kontra izan zuten duatletek, baina eguraldiaz ezin zen kexatu.  

Proba hasi eta berehala hartu zuen aldea Pello Osoro (Delteco) gipuzkoarrak. 25 urteko eibartarra aurreko astean bigarrena sailkatu zen Izaban eta Neguko Triatloiko Euskadiko Txapelketako lehena izan zen. Altsasuko helmugara bakarrik iritsi zen (1:04:39). “Taldetxo ederra atera gara, ihes egiten saiatu naiz eta proba hasi eta kilometro t´erdira bakarrik geratu naiz” azaldu zuen helmugan. Bizikletako tartean aldeari eustea lortu zuen. “Igoeran ongi ibili naiz baina bukaeran haizea kontra genuen eta harrapatuko nindutela uste nuen” gaineratu zuen. 12 segundora Errela taldeko Alberto Barberena sartu zen eta Tri Ur Gazia taldeko Joseba del Barrio izan zen hirugarrena (1:05:07). Lehen sakandarra laugarren postuan sartu zen, Sakana Triatloi taldeko Sergio Garcia de Eulate altsasuarra (1:05:19).

Emakumezkoetan hasieratik aldea hartu zuen Lourdes Oiartzabal (Antxintxika) taldeko beteranoak. 43 urteko lezotarrak iazko lesioa gainditu duela erakutsi zuen, garaipen bikaina lortuta (1:16:36). “Altsasukoan orain arte ez naiz aritu eta gustatu zait. Gogorra, baina oso gustura” azaldu zuen.

Bestalde, paratriatleta mailako PTS5 mailako txapelduna Sakana Triatloi Taldeko Iñaki Gallego izan zen, eta paratriatleta mailako PT mailako txapelduna, Mikel Bidaurre izan zen (2:05:10). Junior eta kadete mailan Eneko Izagirre (Antsoain) juniorra gailendu zen (1:08:24), eta kadeteetan Alejandro Iturbide (Aranguren, 1:10:23) izan zen lehena. Sakana Triatloi taldeko Fermin Azkargorta 11.a sailkatu zen (1:14:51), kadeteen mailan seigarrena.

Eguraldia lagun izateagatik kontentu zeuden antolatzaileak, Sakana Triatloi Taldekoak, eguraldia baita proba baten arrakastaren edo porrotaren arrazoi nagusienetako bat. 100 boluntario inguru aritu ziren antolakuntza lanetan.

Nafarroako Sprint Txapelketa
Altsasuko proba, aldi berean, Nafarroako Sprint Txapelketa zen eta makina bat sari etorri ziren Sakanara. Alberto Barberena eta Elisa Ester Enmanuel izan ziren Nafarroako txapeldunak. Sergio Garcia de Eulate hirugarren nafarra izan zen. Beterano II mailako txapelduna Francisco Javier Gomez izan zen eta Beterano III. Mailakoa, aldiz, Peio Bergara. Paratloi mailako txapelduna Iñaki Gallego Rosado izan zen.

Nafar Kirol Jolasak: Ekain Imaz eta Nahia Imaz txapeldun
Goizean Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak ziren lasterketak jokatu ziren Txioka ikastolaren ingurunean. 100 duatleta inguru lehiatu ziren. Sakana Triatloi Taldeko kideei dagokienez, lan bikaina egin zuten. Aurrebenjamin mailan Oihan Andueza hirugarrena sailkatu zen, benjaminen emakumezkoetan Ane Iturrioz bigarrena sartu zen eta benjaminen gizonezkoetan Ekain Imazek irabazi zuen eta Alain Razkin bigarrena sailkatu zen. Kimuen gizonezkoetan Hegoi Lakuntza laugarrena sartu zen, haurren emakumezkoetan Nahia Imazek  irabazi zuen eta haurren gizonezkoetan Xabier Borrega bederatzigarrena sailkatu zen.