Perutarrak laguntzeko material bilketa

Guaixe 2017ko mar. 24a, 10:53

Juan Urra, Jose Julian Imaz, Maria Luisa, Carmen Gonzalez (emaileak) eta Josetxo Etxabarri.

Ziordiko moja baten kongregazioko bi egoitzetarako neguko arropa, betaurrekoak, bastoiak eta dirua biltzen ari dira. Materiala Altsasuko Frontoiko zeharbidearen 14. zenbakiko udalaren bajeran jasotzen ari dira, asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara.

Juan Urrak (Ziordia), Jose Julian Imazek (Olatzagutia) eta Josetxo Etxabarrik (Altsasu) osatzen dute  Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeko (GKE) Sakanako ordezkariak dira. GKE material bilketa egiten dute, eta logistika laguntza eskaintzen diete beste talde eta erakundeei, materialez betetako edukiontzien bidalketan laguntzen diete. Haiek erakundean daudenetik laguntza edukiontziak India, Senegal, Benin, Honduras edota Uruguairako bidea hartzen ikusi dituzte.

Hirukoa bere boluntario-lanarekin pozik dago, baina gertuko norbait laguntzeko arra hozka zuten. Inguruan galdezka hasi eta Carmen Mendoza ziordiarrarekin topo egin zuten. Errukiaren Andre Mariaren Ahizpen kongregazioko moja da eta 40 urte daramatza Perun. Harekin harremanetan jarri ziren nolabaiteko laguntza behar zuten galdezka. Eta baiezkoa jaso zuten. Hirukoa edukiontzia betetzeko material bilketari ekin dio.

Bilketaz
Mendoza kide den kongregazioak bi egoitza ditu Perun. Limatik 25 km-tara dagoen herri pobrea da Machay. Bestea, San Martin departamentuko Cajamarquilla herrixka da, oihanean dagoena. Azken horretan haur behartsuekin lan egiten dute. Haiei laguntzeko neguko arropa, betaurrekoak, bastoiak eta gurpildun aulkiak eskatu dituzte. GKEko hiru sakandarrek azken horiek ezik gainontzekoak biltzen hasi dira eta sakandarrei dei egin diete euren ekarpenak egiteko.

Dirua ere jasoko dute. Azaldu digutenez, edukiontzi bat Bilboko portutik bidaltzea 3.200 euro inguru balio ditu. “Behin helmugara iritsita, portutik ateratzeko ere ordaindu egin behar da. 1.000 euro inguru. Eta mojek ez dute dirurik”. Horregatik, Caixabank-en  Ayuda Contenedores izenean kontu korrontea zabaldu dute. Izen berarekin beste kontu korronte bat zabalik dago Rural Kutxan. Azken horretan diru ekarpena egiten duenak argi eta garbi azaldu beharko du Ziordirako dela.

Hirukoak azaldu digunez, “ahal den diru gehiena bildu nahi dugu. Galtzen ez diren jakiak bidaltzeko eskatu ziguten. Baina horiek bidaltzea baino egokiago iruditzen zaigu guk dirua bidaltzea eta haiek han erostea”. Horregatik, hirurak enpresen ateak jotzen hasiko dira. Olatzagutia eta Ziordiko apaizak ere haien asmoen berri emanen du elizkizunetan. Eta Mendoza mojaren kongregazioko Altsasuko ikastetxeko ikasle ohiek apirilaren 8an eginen duten topaketan ere haien asmoaren berri zabalduko dute. Joan berri den Manolo Tajuelo kide izandakoak "dagoen tokian dagoela" laguntzen ariko zaiela gaineratu dute.