Blogetan! lehiaketan bi sakandar finalista

Guaixe 2017ko mar. 24a, 09:39

II. Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketak euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzeko helburua du. Lehiaketara 129 blog aurkeztu ziren, lau mailatan banatuta. Euskal herritarren botoen bidez maila bakoitzeko hiru finalista aukeratu dira. Kultura eta Aisialdietan blog sakandar bana dago finalisten artean. Aurrenekoa, Castillo Suarez idazlea eta, bigarrenean, Eñaut Agirrebengoa eta Iñaki Berastegi kazetariak.



Zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza, gastronomia, enologia, musika eta beste gai lantzen zituzten 58 blogen artean finalera Suarezen Iparraldeko neska bloga pasa da. Suarezek hainbat idazleren (gehienak emakumeak) testu hautatuak jartzen ditu, zaharrak zein berriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak ere bihotzeraino iristen diren horietakoak.



Zaletasunak, kirola, bidaiak eta beste gai zutenen mailan 27 blog aurkeztu ziren lehiaketara. Finalera pasa den hirukoaren artean dago Taxoareko hitza. Osasuna futbol taldearen gaurkotasuna euskara hutsean jorratzen duen bloga sortu zuten Berastegik eta Agirrebengoak 2014an. Geroztik zale gorritxo euskaldunen artean bere tokia egin du.

Blogarien topaketa
Azkue fundazioak Argia aldizkariaren laguntzaz antolatu du lehiaketa. Maila bakoitzeko blog irabazlea zein den eta blogari berriaren sariak zeinek eskuratuko dituen martxoaren 30ean jakinen da,  Bilboko Euskararen Etxean eginen den Blogetan! Euskal blogarien topaketa jardunaldian. Euskal blogosfera ardatz hartuta, hainbat gai aztertuko dira: euskal blogintzaren inkestaren emaitzen aurkezpena, euskarazko garapenak, monetizazioa, publizitatea edota hedabideen blogariak. Hitzaldi eta mahi-inguru desberdinetan jorratuko dira gai horiek. Despeditzeko lehiaketako sari banaketa eginen dute.