Adi bideo-jokoekin

Sakanako Prebentzio Zerbitzuak 2017ko mar. 24a, 09:35

kolaboratzaileak

Gaurkoan bideo-jokoak ditugu aztergai  eta honetaz arituko gara orokorrean,  baina gehienbat gurasoengan ausnarketa pizteko helburuarekin gatoz. Jada urte asko gure bizitzan, gizartean, sartu zirela, eta orduan ez genuen pentsatzen ere horrenbesteko indarrarekin geratuko zirela.

Ez genekien ezta, “joko” batek, eta haurrei zuzendua zegoen joko horrek, horrelako arrakasta izango zuenik. Eta horrela da, haurrak eta haurrak ez direnak, gustuko dute bideo-jokoekin aritzea. Baina, adi! Nolakoa da erabilpen hori? Zenbat ordu ematen dituzte haurrek pantailen aurrekaldean? Gurasoei buru hauste ederrak ematen dizkigu kontu honek, eta arrazoiez, kontuan izaten badugu bideo-jokoek, abantailak izateaz gain, arriskuak ere badituztela.

Badakigu non ibiltzen diren sarean daudenean? Kontuan izan behar dugu on-line diren bideo-joko batzuk diseinatuta daudela, eta milaka pertsona batera konektatuak egon daitezkela joko berdinean jolasten. Partida batean ezezagunak diren 12 urteko haurrak, 35 urteko helduekin batera egon daitezke, inongo kontrol neurririk gabe, nahiz eta horietako joko asko 18 urte baino gehiago dituzten gazteendako zuzenduak egon arren.

Honek beste hausnarketa batera eramaten gaitu. Nolakoak dira jokoen edukiak? Benetan badakigu non dabiltzan gure seme alabak, nolakoak diren erabiltzen dituzten jokoen edukiak? Jakin badakigu, internetek munduko ate guztiak irekitzen dizkigula, gure etxeko goxotasunatik atera gabe. Egin beharreko galdera, orduan: gai dira adingabeko neska mutilak on line mundua gestionatzeko? edo gurasoen heziketa eta ardura beharrezkoa da?

Badakigu joko hauek adinaren araberako sailkapena izaten dutela baina ikerketek diotenez indarkeria nagusi izaten da joko askotan. Horrek suposatu dezake, neska-mutilek joko hauek erabiltzeagatik, jarrera bortitzak izatea? Ikerketek ezetz diote, baina dakiguna da joko agresiboekin jolasten ohitura duten haurrek, indarkeria normaltzat hartu dezaketela; azkenean, arazoak konpontzeko modu bat dela ikasi daiteke, horrela ikasi dutelako on-line mundo birtuala bezain erreala den honetan.

Beharrezkoa da, beraz, eta oso garrantzitsua, guraso eta hezitzaileek erne egotea eta joko bat erosi baino lehen egokia den ala ez aztertzea. Askotan sailkapenak egiteko erabiltzen dituzten mailak ez datoz adinarekin bat eta erabat desegokia den joko bat, 7 urteko haurrendako gomendatua dagoela aurkitu dezakegu. Horrek egokia dela esan nahi du? Ez.

Gure seme alabendako egokia dena, gure etxean sartzen dena, gure seme alabek non nabigatzen duten…. gurasoek erabakitzen dugu, adinaren sailkapenak guk egin ditzazkegu, seme alabak ezagutzen ditugulako beste inork baino gehiago eta konfiantza izan behar dugu gugan, gure erabakiak haiendako egokiak izan behar direlako.

Maite ditugulako, zaindu eta babestu behar ditugu bizitzan autonomoak izan daitezen eta hartzen dituzten erabakiak, beraientzako egokienak izan daitezen, bizi errealean, naiz birtualean.