Asteburuan preferente mailako 24. jardunaldia jokatu da. Etxarrik sailkapenean bigarrena den Beti Casedano taldea hartu zuen San Donato zelaian. Etxarri Aranatz ongi hasi zen; jokaldi politak sortu zituen eta Betiren atera iristen hasi zen, baina baloia ez zen kontrako atean sartzen. Aldiz, Beti kontraerasoan jokatzen saritu zen eta horrelako jokaldi batean aurreratzea lortu zuen. Handik minutu eskas batzuetara Garatek berdinketaren gola sartu zuen. Bigarren zatian Etxarrik gol aukera asko sortu zituen, baina ez zuen asmatu. Casedakoak berriro kontraeraso formularekin saiatu ziren baina ez zuten emaitzarik lortu eta, azkenean, puntu banaketarekin despeditu zen lehia.
Lakuntzan geratu ziren igandean jokoan zeuden hiru puntuak, Lagun Arteak Mutilberari 1 eta 0 irabazi eta gero. Bi taldeak parez pare ibili ziren. Atsedenaldira joan baino lehen Mutilberaren atea zulatzea lortu zuen Anderrek. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen lehiak, eta nahiz eta Mutilbera saiatu, garaipena eta hiru puntuak Lakuntzan geratu ziren.
Bidezarrak jarraitzen du preferente mailako lider (55 puntu). Etxarri Aranatz laugarrena da, 36 punturekin eta Lagun Artea bosgarrena, 36 punturekin. Asteburu honetan txapelketako azkenaurreko jardunaldia jokatuko da. Aibares taldearen kontra ariko da Etxarri Aranatz. Eta sailkapenean bigarrena den Beti Casedanoren kontra jokatuko du Lagun Arteak, Casedan.